Surflari Ernegatua
Surfa

Amets bat

Muhammad Alik sarritan esaten zuen irabazteko ez zela nahikoa sasoi ona eta teknika izatea, zerbait gehiago behar dela, alegia, amets bat. Entrenatzaile askok esaldi bera erabiltzen du, esakune polita baita, baina askotan, boxeolariaren esana oker ulertzen dela uste dut, izan ere, Muhammad Alik zerbait gehiago zuen buruan, ez zen txapelketa bat irabaztearekin konformatzen: «Nire ametsa bakea lortzea da».

Muhammad Alik, norbanakoak izan ditzakeen ametsetatik harago, maila kolektiboan ere ametsak eraiki eta berauek lortzeko lan egin zuen, eta bigarren horrek duen balioa da, nire ustez, pertsona batek duen onena ateratzen lagun dezakeena.

Surflari batek, ahalik eta emaitza onena lortzeko nahia izan dezake, munduko «onena» izatearekin amestu dezake, baina horretarako, pertsona gisa ere formatu beharko du. Izan ere, artaldean aritzeak ematen dituen emaitzak nuluak direla aspaldi geratu zen agerian. Eta artaldean ibili nahi bada, gutxienez, emaitza onak lortzen dituen artalde bat hautatzea izango litzateke logikoena.

Azken urteetan ohiko bilakatu da surflari euskaldunek Espainiako txapelketetan parte hartzea eta irabaztea. Baina surfean Espainiako txapeldun izatea ez da batere zaila. Euskal Herriko txapelketa bat egingo bagenu ordea, Espainiako Txapelketa irabazten duten horiek ez lirateke finalera iritsi ere egingo. Europako txapelketetan Hegoaldeko eta Iparraldeko lehiakideek lortzen dituzten emaitzak zeintzuk diren ikustea besterik ez dago lapurtarrak askoz hobeak direla ikusteko.

Hegoaldeko surflariek, eredu gisa, eredu espainiarrari begira jarraitzen dugu, eta, noski, horrela ez dago aurrera egiterik. Sopelan izan den azken Pro Junior txapelketan, esaterako, ez zen Gipuzkoa edo Bizkaiko surflaririk mutilen finalean, bai, ordea, hendaiar bat, Andy Criere.

Ez dakit Andyk euskaraz dakien edo euskaldun sentitzen den, dakidan gauza bakarra da eredu gisa lanerako hautatu duen eremua (frantsesa) Europako hoberena dela, eta jaso duen heziketa, gurea ez bezala, europarra dela. Ez dakit lehiakide bizkaitar eta gipuzkoarrek euskaraz dakiten edo euskaldun sentitzen diren. Badakit, ordea, frantsesez ez dakitela, ingelesez ozta-ozta, eta, espainiar bezala, altu hitz egiten dutela. Andyk baxuago hitz egiten du, gazteleraz bikain daki eta ingelesez ere moldatzen da, berean, heziketa europarra baita.

Oraindik orain, euskaldunok euskaldun gisa elkarrekin lehiatzeko aukerarik ez daukagu, baina ziur naiz elkartuz gero egun indarrean dauden bi ereduak gainditzeko gai ginatekeela. Helburu egingarria litzateke, norbanako lehian ere lagun dezakeena gainera, taldean errazago baita dena.

Ongi legoke proiektu kolektibo bat partekatzea, eredu bat. Izan ere, egun gauzak dauden bezala, sasoi ona bai, teknika apur bat ere izan daiteke, baina Muhammad Alik aipatzen zuen hirugarren osagaia falta da, garrantzitsuena, amets bat.