Onintza Enbeita
UDATE BETE

Uniformeak

Zuriz jantzita hasi nuen uda. Oporrak hartu, etxera itzuli eta dendaz denda ibili nintzen alkandora eta praka zurien bila. Hogeita lau ordu neuzkan Iruñerako traje egokia bilatzeko. Topatu nuen, ez kosta gabe; Bizkaia ez baitago sanferminetarako souvenirrez betea. Zapi gorria topatu egin nuen etxeko kajoietan; Lesakatik-edo ekarriko nuen noizbait. Ez naiz praka zurien zalea, ez dut neure burua ondo ikusten, baina Iruñera joateko beharrezkoak nituen. Ez nuen nik hautsiko festaren kolorea: formal-formal jantzi nintzen, ohiturak agindu bezala.

Beste arineketa aldi bat egin nuen geroago, Villabonara joan aurretik. Hango lagun batek gonbidatu ninduen festetara, baina kuadrilla osoa zen kamiseta fuksiarekin joatekoa, eta desentonatzea ez zen komeni. Badakizue, behin gonbidatuko herriko jaietara bertsotan izan gabe, eta... ez gara bada, oso zorrotzak izango. Ez dakit azken hamar urteetan ezer fuksiarik erosteko tentaziorik ere izan dudan, baina erosi nuen kamiseta dotore askoa, eta hor joan nintzen.

Abuztuan Gernikako jaiak hasten direnerako bakeroak, arrantzaleen gona urdina eta alkandora zuriak prest izan beharko ditut, berriz ere. Gaitz erdi, aurten sanferminetarako erositako alkandorek balioko didate eta! Iazko gona lotzen ez badut, hasi beharko naiz berriaren bila, eta bestela iazkoa plantxatu eta txukundu beharko dugu. Gastu gutxiago, hala ere! Nahiz eta egun bakoitzari dagozkion arropak janzteko kezka inork ez didan kenduko: 14ko prendak garbitu egin beharko dira 16rako, eta 17rako mozorroa pentsatu, aukeratu eta prestatu egin beharko da. Ez al ziren jaiak kezkarik gabe ibiltzeko egunak?

Baina hor ez da amaitzen uda, eta Bilboko jaietan konpartsa morean egingo dugu bertsotan, urtero bezala. Kamiseta bi edo hiru dauzkat Mamikikoek oparituta, eta ez zait dotorea iruditzen egun horretan ez eramatea. Kontua da, oraintxe hasi pentsatzen, eta kamisetak non egongo diren ez dakidala. Hasi bila, beraz: beti bezala berandu. Saio aurreko hiru edo lau ordu armairua arakatzen pasatuko dut, eta azkenean, zentzurik gutxien duen lekuan aurkituko dut kamiseta morea.

Irailean, berriz, azken hondarrak emango ditugu Bermeon, edo Lekeition, edo hala tokatzen den lekuan. Orduan berreskuratu egin beharko dugu Gernikako jaietako gona urdina, baina alkandora? Gernikarrek zuria eramaten dute, baina kostaldera joateko urdina behar da. Batez ere igerian ez badakizu! Non kristo sartu ote nituen aitak lanerako erabiltzen zituen alkandora urdin haiek? Agertuko dira nonbait, norbaiten etxean, zokondorik ezkutuenean, eta salbatuko dugu kostaldea ere. Ez kosta gabe, baina!

Azkenean, euskal jaira helduko gara. Gurean urrian, beste leku batzuetan irailean. Nola edo hala, batera edo bestera helduko gara, eta jantziko dugu gure baserritarren galako trajea: aaaaaai, ez bada, ez dakit nola eraman nuen iaz traje hau abarketa hauekin! Eta hasiko gara arineketan trajeari akatsak kentzen ia-ia berria egin arte.

Eta hiru hilabete, ia lau, uniformea jantzita pasatuko ditugu progreenek ere, modernoenek ere, ateoenek ere. Uniformez, bai, uniformez. Guk, urte guztian ohiturak aldatzeko daudela aldarrikatzen dugunok, edonora joateko ispiluari bisita egiten diogunok, doktrinamendurik jasaten ez dugunok, ustez marearen kontra goazenok, askatasunez erabakitzen dugunok; bai, guk, guk geuk, uniformea kendu gabe pasatuko dugu uda osoa.