Dantzaren hazia loratzen ari da Debagoienako ikastoletan
Dantzaren hazia ondo landatua denean literatura, hizkuntza, hezkuntza eta askatasuna bezalako hainbat fruitu eman ditzake. Horixe egin dute Dantzaz Konpainiak eta Arizmendi Ikastolak. Ordutik, emaitzak jasotzen ari dira, eta elkarlana hasi eta hazi baino ez da egin.

Elkarrekin dantzatuko gara? Galdera sinple horretatik abiatuta, orain arte egin gabeko esperientzia pilotu berritzaile bat jarri dute abian Arizmendi Ikastolak eta Dantzaz dantza konpainiak: «Dantza Gela». Helburua, dantza konpainia horren ekoizpen bat ardatz harturik, bertako elementuen erabilpen pedagogikoa aztertzea izan da. Arizmendi Ikastolako haurrek koreografiak sortu dituzte, eta beste gai batzuk landu horren bitartez: Sarrionandiaren literatura, musika, ingurunea... Haien ondotik, Arizmendi Ikastolarekin batera izen bereko hezkuntza kooperatiba osatzen duten beste lau ikastetxe izan ziren «dantza-kalejira» honetara batu zirenak: Arimazubi, Gazteluondo, Almen eta Santa Teresa. Guztira, Lehen Hezkuntzako 5. mailako bederatzi gelek hartu dute parte, 200 bat ikaslek.
Elkarlanak «Firi-Fara» izeneko proiektuan du jatorria, eta «Dantza geletan, gelak dantzan» lelopean, dantza Gipuzkoako eskoletan zabaltzea da ekimenaren helburua, Fernando Saenz de Ugarte konpainiako zuzendariak azaltzen duenez. «Gurea dantza ahalik eta zabalen hedatzeko helburua duen plataforma bat da, eta Europa mailako dantzariei euren lehen lanbidea eskaintzen diena». Nazioarteko koreografoekin lan egiteko aukera izateaz gain, lehenengo esperientzia profesionala izaten dute dantzariek entsegu, bira eta abarren bidez. Helburua bertako dantzariek Europako edo beste lekuetako dantza konpainietan lan egitea da. Saenz de Ugartek aipatu legez, sentsibilizazio eta pedagogia lana, ikasleentzako tailerrak eta emanaldiak egiten dituzte, eta dantza mundura hurbiltzeko ekitaldi ezberdinak proposatu, publiko berriak sortzeko, eta koreografo berriak bultzatzeko. Proiektu hau pedagogia lan horretan sartzen da, zuzendariak esan bezala, «dantza beste ikasgaietan txertatzeak dakarren emaitza» zein den argitzeko nahian.
Lehendabiziko harremanak Arizmendi Ikastolako ordezkariekin izan zituzten iazko ekainean, eta bilera bat egiteko geratu ziren, dantzaren hazia landatua zegoen, zerbait loratzeko bidean ari zen, gehiago nahi zuten alde biek. Orduan izen eta forma zehatzik ere ez zuen ideiarekin egin zuten topo, hiru astez koreografia bat landu eta laugarrengoan dantzari profesionalen dantzak haurren koreografian txertatzea eskaintzea izan zen oinarria. Baina koreografietan bezala, hasierako dantzak eta bukaerakoak ezberdinak izan daitezke, eta proiektuaren koreografia bera ere aldatu egin zen: «Hasieran egin genuen planteamendu horretatik gero irten zena guztiz desberdina izan zen», aitortzen du Gari Ibarzabal Arizmendi Ikastolako irakasleak. «Dantzaz gain beste gai batzuk lantzen bagenituen proiektu garrantzitsua izango zela ikusi genuen», azaltzen du, «hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko uztarketa hori egitea garrantzitsutzat jo genuen», nabarmentzen du bere ikastolako hezkuntza ez-formaleko arduraduna ere baden Ibarzabalek.
Bi hezkuntza bide horiek parekatu eta bata zein besteari garrantzi berdina aitortzeko irizpideari jarraiki, ikasleen irteera profila elikatzeko aukera eman du «Dantza Gela» ekimenak. Irakasleentzat nahiko arrotza den dantzaren mundua eta baliabideak ezagutzeko aukeraz gain, ikasgelan landutako kontzeptuak errepasatu eta barneratzeko «oso baliagarritzat» jo dute.
Euskal literatura, adibidez, Joseba Sarrionandiaren poemetan oinarritutako «Naufragoak» koreografian. Edota «Hondamendia» abestiak, bertako bailaran ikasle askok oso gertutik bizi izan duten Fagor-eko auziarekin lotuta, krisi ekonomikoa lantzeko eta gorputzarekin adierazteko balio izan die, edota munduko beste toki batzuk ezagutzeko parada eman die «Hiriak» abestiak: «Bakoitzak hiri bat hartu eta bertako monumentu bat aukeratu behar zuen, ingurunea lantzeko ere balio izan zigun». Eta dantzarekin zerikusi zuzenagoa duten musika, heziketa fisikoa eta gorputz adierazpena ahaztu gabe. «Proiektu oso aberatsa izan da», aitortzen du Ibarzabalek. Horraino ondo. Baina dantzarako unea heltzean, musika entzun eta hankak lurretik desitsasteko unea iristean ikasle eta irakasle gehiagori sor liezaiokeen izu eszenikoarengatik galdetuta? «Egia esan, dantzariekin egon den feedback-a oso ona izan da», aitortzen du Ibarzabalek. Fernando Saez de Ugarte konpainiako zuzendaria ere Ibarzabalekin bat dator haurrek dantza nola hartzen duten galdetuta: «Oso ondo, eta webgunean eskegi dugun bideoan ere oso argi ikusten da». Proiektuaren arrakasta erabatekoa izan da. Hainbeste, non batzuetan gelan oharkabean igarotzen diren ikasleak askatzeko balio izan duen, «Hau nire ikasgelako ikasle bera al da?» harriturik eta pozik euren buruari galdetzera iritsi dira irakasle asko, Ibarzabal kasu: «Bakoitzak bere abilezia, berezko gaitasuna edota gustuko gauzak dituela gogorarazteko ondo dator ekimen hau, bakoitzak bere bidea hartuta». Entseguak amaituta, joan den maiatzaren 15ean zentro ezberdinetako bederatzi gela eta Dantzaz-eko dantzariak bildu ziren Arimazubiko patioan «Naufragoak» dantzatzeko.
Proiektu irekia izan da hasieratik «Dantza Gela», zabala eta proposamenak egiteko abagunea, ia dantzariek baino gehiago, haurrek aurrera eramandakoa. «Sormena lantzeko izugarrizko aukera izan dugu, ez delako izan dantzariek planteatutako koreografia bat lantzea soilik». Ikasle bakoitzak bere koreografian sartuko ziren pausoak proposatu ditu, dantzariek mugimendu bakoitza bestearekin lotu dituztelarik. «Elkarlana izan da», dio laburbilduz Arizmendi Ikastolako irakasleak. Proiektu askea izan da, dantza bezalakoa.
Esperientzia pilotu hau egonkortzeko asmoa dute, eta datorren azaroan berriz ekingo diote dantzari. Lau astetan ordu bateko formatua izan beharrean, aste osoa hartuta arratsaldeko bi orduetan. Momentu honetan proposatutako aste eredua aztertzekotan daude, 2015-16 ikasturtean zentroko pedagogia proiektuaren parte izateko.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
