Jaren Hoston garaile Itacoatiarako txapelketan
Hegoafrikarrak txapelketa irabazi eta rankingeko lehen postua eskuratu du.

Amaitu da munduko bodyboard itzuliko bigarren proba Brasilen, Itacoatiara hondartzako uretan. Bi metroko olatu borobiletan sekulako maila erakutsi zuten lehiakideek eta azkenean Jaren Houston gailendu zen. Bodyboardzale hegoafrikarrak Pierre Costes munduko txapeldun ohia garaitu zuen.
Final-laurdenetan txanda zaila izan zuen Houston lehiakideak, izan ere, Mike Stuart hawaiiar mitikoaren kontra lehiatu behar izan zuen eta halako esperientzia duen norbaiten kontra aritzea ez da inoiz erraza izaten. Stewartek 50 urte izan arren oraindik gerra emateko moduan dagoela erakutsi zuen eta horrela, bere arerioari gorriak ikusarazi zizkion, baina azkenean, Houston gazteak egin zuen aurrera.
Uretatik arnasestuka atera ostean honakoa esan zuen hegoafrikarrak: «Badakizue zer? Berak orain duen adina dudanean bera orain dagoen bezala egon nahi nuke».
Finalerdietan beste lehiakide bikain baten aurka aritu behar izan zuen Houstonek, Amaury Lavernhe frantsesarekin lehiatu behar izan baitzuen, baina proba hau ere gainditzea lortu zuen eta horrela, finalera iritsi zen.
Txapelketa osoan zehar gogor aritu ostean, finalean zituen indar guztiak akitu zituen Houstonek, baina azkenean, ongi merezitako txapela lortu zuen eta garaipenarekin, 2014ko APB rankingean buru jarri da.
Jaren Houston pozarren zen jendaurrean eta honela mintzo zen: «Txundituta nago oraindik. Aurten gogor entrenatu naiz eta hainbeste lan egin ostean txapelketa bat irabazteak ematen duen poza zoragarria da».
Houstonek, ranking mundialerako 1.800 puntu eskuratu zituen garaipen honi esker eta 8.000 dolarreko diru saria ere irabazi zuen, eta pozik zen: «Oso pozik nago. Nire bizitza asko aldatu da azken urtean, nire alaba jaio da eta orain lehen aldiz munduko txapelketa bat irabazi dut. Itacoatiaran bodyboarda arnas daiteke, leku berezia da, beraz are eta poz handiagoa ematen dit hemen irabazi izanak».
Txapelketa honetan parte hartu zuen Alex Uranga zumaiarra ere bikain aritu zen, gogor aritu zen lehian, baina Amaury Lavernhek final-laurdenetan kaleratu zuen, eta horrela, azkenean bosgarren postuan geratu zen. Emaitza honek rankingean gora egiten lagunduko dio, beraz zumaiarra aurten ere ongi ari dela esan daiteke.
Munduko bodyboard zirkuituko hurrengo geldialdia Txilen izango da, abuztuaren 15etik aurrera, Arica eskualdeak eskaintzen dituen olatu borobil eta indartsuetan.
Txapelketarako deialdia egiteko lema bitxi bat aukeratu dute antolatzaile txiletarrek, «Somos guerreros nacidos del mar», dio txapelketako kartelak.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
