Surflari Ernegatua
Surfa

Jolasa eta lehiaketa

Haurrak jolastu egin behar du, gaiztakeriak egin, lagunekin borrokatu, gurasoek esandakoari kasurik egin ez, bere buruari probak ezarri, eta horrela, pixkanaka, bere bidea egin. Zortzi urterekin hasten dira. Hain gaztetatik lehian hasten den haur bat hamasei urterekin jada akitua da lehiaketa munduaz, zer egin behar du benetan lehiatzea tokatzen zaionean? Jolastu?

E redu anitzen aferarekin sarri tematzen naiz, gauzak egiteko bestelako moduak badirelako, egingarriak direlako eta batez ere, halako ikuspegiak bide desberdinak jorratzeko aukera zabala eskaintzen duelako. Horrek ez du esan nahi orain arteko eredu guztiak txarrak direnik.

Lehiaketei dagokienez, eta haurren egungo heziketari dagokionez, bai, kritikoa naiz oso. Nire ustez, haur batek haur izan behar du dagokionean, mozolo bat gero ere izango da, horretarako ez dago presarik. Haur batek jolastu egin behar du, gaiztakeriak egin, lagunekin borrokatu, gurasoek esandakoari kasurik egin ez, tarteka masailekoren bat jaso ere bai, bere buruari probak ezarri, bere gaitasunekin esperimentatu eta horrela, pixkanaka, bere bidea egin.

Getariako frontoian haurrak jolasean ikusten ditudanean sekulako poza ematen dit. Oraindik txorizo pamplona bokadiloak jaten dituzten haurrak badirela ikusteak. Belaunak belztuak, arropa birrinduak, izerditan, ubelduak soinean, batera eta bestera ibiltzen dira ziztu bizian, Zarauzko haurrek ordu berean, futboleko, ingeleseko, igeriketako, surfeko, edo auskalo zein ikastarotako irakasle aspergarri baten murmurioak entzun behar dituzten bitartean.

Haur batek igeri egiten badaki zertarako izen eman igeriketa ikastaroan? Surf ikastaroan berdin, astebete egin badu nahikoa du, hortik aurrera bere bidea egin behar du, nahi badu, eta lagun artean.

Orio, Deba eta Getariako haurrak trenean etortzen dira bakar-bakarrik Zarauzko Surf Eskolara beren surf taula aldean dutela. Iritsi bezain laster toalla gerrian lotu edo larrugorritan jarri eta neoprenoa janzten hasten dira. Zarauztarrak ordea, salbuespen gutxi batzuk salbu, gurasoekin etortzen dira, taula beraien gurasoek dakarte, eta neoprenoa janzteko beraien gurasoak kalera bota behar izaten ditut, gutxienez, nirekin dauden artean, ur jantzia beraiek bakarrik janzten ikas dezaten.

Hamabi urtetik beherako neska-mutilei naturalki dagokiena jolastea da, denetik egitea, beren muskuluak, koordinazioa, psikomotrizitatea eta bestelako gorputz atalak ahalik eta eremu anitzenetan lantzea, eta uzten bazaie, ur jantzia bakarrik janzteko gai direla bakarrik ez, gauza asko eta ondo egiteko gai direla froga dezakete. Geroago etorriko da gustuko kirola hautatu eta zehatzago aritzea.

Gurean, zortzi edo bederatzi urteko haurrak lehia etengabean ikusten ditut, baita lehiaketaz kanpoko surf saioetan ere. Garai batean haurrentzako surf txapelketak antolatzen parte hartu nuen, eta egun esan dezaket eredu horrek ematen duen emaitza penagarria dela. Izan ere, hain gaztetatik lehian hasten den haur bat hamasei urtera iristean jada akitua da lehiaketa munduaz, zer egin behar du aurrerantzean? Jolastu?

Gauza bakoitza bere momentuan. Jolastu haurtzaroan, lehiatu nerabezaroan, ikasi beti, eta gero gerokoak.