«Hamalau Heriotzena» jatorrizko bertsopaperen kopia aurkitu dute

Bertol eta Modesto Arrieta aita-semeek «Hamalau Heriotzena» bertso-sorta ezagunaren inguruan egiten ari diren ikerketa lanaren baitan aurkitu dute, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan, bertso horien jatorrizko alearen kopia. Ikerlariek prentsa ohar bidez adierazi dutenez, dokumentuan bertan zehazten da Tolosan argitaratu zela, «Dr. Juan Manuel la Lamaren Moldeteguian», 1826. urtean.
Dokumentuak goiburu gisa honako testua darama: «Mendaroco semea naiz desgracia asco eguin dedana, eta noa aditcera ematera canta oiequin ez dedin suertatu Amaren Semeric gueyago ni becela». Izan ere, bertso-paperean egileak berak hamalau pertsona nola hil zituen kontatzen da, xehetasun guztiz.
«Guk dakigunik behintzat, orain arte inork ez du bertsopaper orijinalaren kopiarik argitaratu. 1965ean J.M. Leizaolak `1808-1814 en la poesía popular vasca' liburuan argitaratu zituen bertso horiek, baina orduko ortografia garaira egokituta eta izenak ezkutatuta. Gero, 1983an, Lakarrak, Bigurik eta Urgellek jaso zuten aldaera hori euren liburuan», azaldu dute.
Ikertzaileek zehaztu dute bertsoa Louis Lucien Bonaparte printzeak jaso eta Londresko bere liburutegi pertsonalean zuela; bere alargunak Chicagoko Newberri Libraryri saldu zion gero eta, 1980 inguruan, Euskaltzaindiaren liburutegiak Bonapartek jasotako bertsopaperez osatutako mikrofilm bat erosi zuen; hor zegoen kopia.
Era berean, oraindik ikerketa fasean daudenez, bertso sorta horri lotutako informazioa izan dezaketenak eurekin harremanetan jar daitezela eskatu dute, hamalauheriotzena@gmail.com postaren bidez.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
