Ebola
I dazle afrikarren lanen bitartez izan nuen lehen aldiz ikasketa postkolonialen nondik norakoen berri. Lehenagotik banuen Afrikan jazotzen zenarekiko interesa, baina egile horien nobelak eta saioak irakurtzeak komunikabideen arreta zoritxarren bat gertatu denean soilik lortu ohi duen kontinentearen gaineko jakingura areagotu egin zuen. Sarearen bidez irakurri ohi ditudan egunkari eta bestelako argitalpenetan Afrikari buruzko berriak bilatzea eguneroko kontua bihurtu da urteekin, goizero gosaldu bitartean burutzen dudan kontua. Azken asteetan Liberia, Sierra Leona eta Gineara zabaldutako ebola epidemiaren nondik norakoak jarraitzen aritu naiz. Gertakariak ez du Gazako sarraskiak adina amorru piztu nazioartean, ohitu egin baikara Saharaz azpiko herrialdeak gaixotasun arriskutsuen jomuga izatera. Gainera, ezin dira bata eta bestea konparatu: Gazan nahita ari dira jendea hiltzen; Liberia, Sierra Leona eta Gineako biztanleekin akabatzen ari den gaitza ez du inork eragin, ezta? Elkarrizketa batean afrikar batek ebolak jotako hiru herrialdeak eta oro har Afrika osoa «hirugarren mundu» egoerara kondenatu duten horiek egin zituen epidemiaren erantzule, afrikarrak bizi-baldintza duinetan bizi balira horrelakorik ez zelako gertatuko, eta erantzule diren aldetik, beren laguntza borondatezko keinua baino gehiago justizia moduan deskribatu zuen. Ai, justizia! Zenbat aldiz aipatzen den, zein gutxitan jartzen den praktikan. Erantzuleetatik botere handiena duen estatuburuak esan du Afrika ez dagoela bakarrik, berak eta bere lagunek babestu egingo dutela beti, baina badaezpada itxi ditzala mugak, ez baita dotorea lagunak gaixotzea.

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
