Jon LEUNDA
Sega | Euskal Herriko finala

Esnaola eta Lizaso dira txapela lortzeko faboritoak

Gauzak ikaragarri aldatzen ez baldin badira eta ezuste handiren bat gertatzen ez bada, bien artean egongo da aurreneko postua. Kanflanka eta Garaialde ere Leitzako finalean izango dira bihar eguerdian.

Segako urteko egunik garrantzitsuena izango da biharkoa Leitzan, 12.00etatik aurrera Euskal Herriko finala jokatuko baita. Pasa den uztailaren 31n Aian jokatu zen kanporaketako lau onenak neurtuko dira, eta bakoitzak ordubete izango du lanerako. Tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duen segalariak lortuko du txapela. Esnaola, Lizaso, Garaialde eta Kanflanka jardungo dira.

Erreka auzoan izango da saioa. Topatzen, gainera oso erraza da, Berastegitik Leitzarako bide zaharrean baitago, bidetik bertatik belardia ikusten dela. Ez da han jokatzen den lehenengo aldia, eta jendetza batuko dela aurreikusten da.

Orain dela hilabete jokatu zen Gipuzkoako finalarekin alderatuta, aldaketa bakarra egongo da. Orduan Merkader aritu zen, eta bere ordez oraingoan Garaialde arituko da, berak lortu baitu sailkatzea. Hiru gipuzkoar eta nafar bat izango dira lehian arituko direnak.

Igor Esnaola da irabazteko faborito nagusia. Bera nagusitu zen kanporaketan, eta uste baino alde handiagoarekin, nahiz eta orduan ordu erdiko lana zen eta oraingoan ordubetean aritu beharko duten. Gipuzkoako txapelketan ere berak ebaki zuen kilo gehien, tartean nahasketaren bat ere izan zen arren. Sasoian dago eta badirudi gorantz egin duela gainera, eta zaleek bere aldeko joera hartu dute.

Juanjoxe Lizaso da beste faboritoa. Kanporaketan bigarren izan zen eta saiatuko da Legorretakoa mendean hartzen. Zerbait gertatu ezean, garbi dago txapela bera eta Esnaolaren artean egongo dela.

Jon Kanflanka etxean arituko da. Nafarroako segalari bakarra da une honetan, eta bere denboraldia luzatze aldera, Gipuzkoako Txapelketan ere hartu du parte, bera bakarra izanda ez baitu Nafarroakoa jokatzerik. Berak ongi ezagutzen duen belardian arituko da, baina badaki txapela lortzea oso zaila izango duela. Esnaolak eta Lizasok euren lana egiten badute, ia ezinezkoa izango du haiek gainditzea, eta bere hasierako helburua hirugarren postu hori lortzea izango da. Horretarako zaleen animo oihurik ez zaio faltako. Leitza festetan egongo da eta bere jarraitzaile asko joango dira zelaira.

Garaialdek ezin izan zuen Gipuzkoako finala jokatu. Alde handirik izan ez baldin bazen ere, Gipuzkoako kanporaketan Merkarrek aurrea hartu zion. Euskal Herriko kanporaketan gauzak alderantziz gertatu ziren, eta finalean izango da. Bere helburua azkena ez geratzea izango da, eta hasiera batean Kanflankarekin izango du borroka handiena.

Amaitzear

Sega jendeak oso gustuko duen kirola izan da, eta horrela izaten jarraitzen du, jokatu diren proba guztietan jendeak erantzun bikaina eman baitu. Leitzan ere horrelaxe espero da, jendea joateko leku paregabea eta aproposa baita.

Betiko erako probekin eta nazioarteko erakoekin, denboraldia dezente luzatu da, baina amaierara heltzen ari da. Tartean apusturen bat agertzen ez baldin bada, gaurkoa azken-aurreko proba izango da. Behin gaurkoa pasata, beste proba bat geratuko da denboraldia amaitzeko; izan ere, abuztuaren 24an jokatuko da Aian emakumezkoen Euskal Herriko finala. Tartean, ordea, gerta daiteke apusturen bat ere jokatzea, baina hori egiteko epeak ere amaitzen ari dira, baldin eta berehala jokatzeko apusturen bat ez baldin badute egiten. Horrelako zerbait ere hartuko lukete zaleek, denboraldia ez baita luzea izaten.

Gipuzkoarrak

Gipuzkoarrak nagusi izango dira finalean, bat ez beste guztiak herrialde horretakoak baitira. Kanflanka da nafarra, eta Gipuzkoako Txapelketan hartzen du parte berak ere denboraldia luzatzearren.