Interview
INES OSINAGA
Gose taldeko abeslaria

«Opor pila dauzkat irakasle bezala, baina musikari bezala, batere ez»

Urte bukaerarako disko bat aterako du Gose taldeak. «Oso berezia» izanen dela, hori Ines Osinagak aurreratzen ahal duen gauza bakarra. «Idilikoa eta perfektua» litzateke diskoa egiteko hiru hilabete estudioan sartuta ematea, baina diskoa eurek atera behar dutenez, pixka bat jotzea tokatzen zaie. «Era berean, estudioan zaudenean, primeran etortzen da noizean behin agertokira igo eta izerdia botatzea». Uda honetako agenda ez dute bete-betea ere, baina hondartzarako astirik ere ez dute izanen.

Ez duzu oporrik hartuko orduan...

Hartuko dugu tarteren bat, baina badira urteak ez zaizkigula oporrak udaran tokatzen. Askotan egin dugu txiste hori eta egia da: musikari bat abuztuan beltz-beltz ikusten baduzu, ez da seinale ona izaten. Badira ja hamar urte ez dudala jende normalaren oporrik.

Neguan izaten dituzu?

Badira urte asko ez dudala oporrik hartzen, edo eguntxo batzuk bakarrik. Musikaria izan ahal izateko irakaskuntzan egiten dut lan. Orduan, opor pila bat dauzkat irakasle bezala, baina musikari bezala denboraldi altuan tokatzen zaidanez, batere ez!

Beraz, ez dizut bidaiei buruz galdetuko...

Orain bertan nire ametsetako bidaia zein izango zen kontatu ahal dizut: Kubara joango nintzateke. Ez naiz inoiz egon eta gogoa dut ezagutzeko. Ea mokorrak mugiarazten dizkidaten!

Haurtzarora bidaiatuz, zerekin lotzen duzu urte sasoi hau?

Kanpinarekin. Gurasoak irakasleak izan dira, etxean opor asko edukitzen genituen guztiok eta hala oroitzen ditut, karabanan eta kanpinean.

Zein zapore du udak zuretzat? Eta zein usain?

Zaporea izozkiarena eta usaina, ez dakit... eguzkitako kremarena nahiko nuke! Azken urteetan, txosnetako kalimotxoarena.

Zein jai dituzu gustuko?

Oso San Fermin zalea naiz, baina Euskal Herriko jairik onenak eta munduko onenetakoak Bilbokoak direla uste dut! San Fermin zalea naiz, baina Marijaiarekin gelditzen naiz. Bertan agertoki ugaritan jo dugu. Aurten Euskal Gunean egongo gara.