Bueltan gara
Kaixo lagunok: askok agian pentsatuko zenuten akats ortografikoz beteta idatzi dudala izenburua, baina ez naiz erratu, ez. Badakit Espainiako Vuelta «v» hizkiarekin idazten dela, baita GARA egunkaria hizki larriz idatzi beharrekoa dela ere. Baina, Vueltan eta GARA egunkarian egoteaz gain, berriz ere bueltan garela esan nahi nuen, Tour ondorengo parentesi txiki baten ondoren, lanerako prest berriz ere. Espainiako Vuelta urteko helburu nagusia da askorentzat eta gure taldearen kasuan ere hala da. Beste askok, urtean zehar bestelako helburuak izan arren, haiek lortu ezin eta ikasleek irailean egiten dituzten azterketen antzera, errekuperazio lanak egitera etorri behar izaten dute. Kontua da, arrazoi bat edo beste, partaidetza ikaragarria bildu dela aurtengoan ere.
Jerez de la Fronteran du abiapuntua aurtengo edizioak. Gogoan dut lehen aldiz hegazkina hartu nuenean Jerez de la Fronterara etortzeko izan zela. 15 urte nituen orduan eta Euskal Selekzioarekin etorri nintzen Espainiako Txapelketa lehiatzera. Nire txirrindulari bizitzaren abiapuntu izan zela esan dezaket. Maillot berde haren atzean herrialde bat ordezkatzen nuela sentitu nuen eta lehiaketa garrantzitsu batean parte hartzeko aukera hark ilusio ikaragarria egin zidan.
Ilusio horrek bizirik dirau, eta, hamasei urte pasa badira ere, maillot berdea soinean jantzita pedalei eragiten jarraitzeko aukera izateak pribilegiatu bat naizela sentiarazten dit. Orduko selekzioaren elastiko berdea Caja Rural taldearen berde ilunagora pasa da. Selekzioa ordezkatu ordez orain etxe komertzial honen interes publizitarioak defendatzen ditut. Baina lehiaketa garrantzitsu honen aurrean urduritasun berdintsua sentitzen dut, eta hori da kirol hau maite dudan seinalerik argiena.
Gure taldea indartsu dagoela uste dut, baina, noski, gainontzekoak ere ez daude hankamotz. Niri dagokidanez, orain arte egindako lana errepide gainean erakustea izango da helburua; taldekideak lagunduz batzuetan, eta, egoerak uzten didanean, neure aukerak aprobetxatuz. Horretarako, Santiagora bitarteko bidea dugu aurretik. Abiapuntutzat ez dugu, ordea, Orreaga izango, eta ez ditugu aurrez aurre 780 kilometro ere. Izan ere, Jerez de la Fronteratik abiatuko gara eta Santiagora iristeko 3.239 kilometro egingo ditugu bizikleta gainean.
Penintsularen hegoaldetik iparralderako bidaia honetan ikusten, usaintzen, sentitzen eta imajinatzen ditugunak kontatuko ditut. Lehen etapa, taldekako erlojuz aurkako gehienen antzera, kontzeptu hauekin deskribatuko nuke: abiadura, arriskua, urduritasuna eta muturreko esfortzua. Hasi da ikuskizuna!

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
