Airera tiroka
Andy Irons irabazi ez zuen txanda ospatzen ari zela ikusita, beregana arraunean gerturatu eta honela esan omen zion Dean Morrisonek: «Hummm... sorry mate, I think I won!» Oraindik garaile eta garaituen diskurtso horrekin dabilenari, Andyri Deanok esan zion moduan, norbaitek esan beharko lioke: «Hummm... barkatu txo, uste diat irabazi duena ni naizela»
Teahupooko olatuan norbaitek aztarna utzi badu, hori Andy Irons da. Sekulako irudiak eta ikuskizuna eskaini zituen hawaiiarrak bizirik zen artean, horregatik, 2011. urtetik ohorezko sari bat eskaintzen dute bere izenean Tahitiko txapelketan. Lehiakide guztiek dituzte Andyrekin izandako bizipenen inguruko istorioak.
Ehunka argazkitan ikus daiteke Andy itzelezko tuboak egiten Teahupoon, sariak jasotzen, edo olatua hartzeko arraun egiten, baina bada besteez bereizten den argazki bat. Andy jada amaitutako olatu baten gainean agertzen da epaileei tiroka ari balitz bezala keinuak egiten; argazki bitxia da.
Joel Parkinsonek kontatzen du egun hartan zer gertatu zen. 2006. urteko Tahitiko txapelketa zen. Laugarren errondan buruz buru ari ziren Andy Irons eta Dean Morrison, Deano. Txanda amaitzeko minutu baten faltan zazpi puntu behar zituen Ironsek eta orduantxe olatu bat hartu eta tubo bikain bat egin zuen. Behar zituen puntuak jaso zituela bazekienez, garaipen keinuak egiten hasi zen.
Andy azken olatua ospatzen ari zen bitartean, baina, Deanok beste olatu bikain bat hartu zuen, Andyrena baino hobea, eta tubo ederragoa egin zuen. Andyk ospakizun imintzioak egiten jarraitzen zuen, ordea, epaileei, txoriei eta zeruari tiroka ariko balitz bezala. Deanoren azken olatuak jasotako puntuazioa ere eman zuten bozgorailuetatik eta Deano zen txanda hartako irabazlea. Andy ez zen ezertaz konturatu, nahikoa lan bazuen-eta airera «tiroak botatzen». Orduan, bere arerioa zertan zebilen ikusita, arraunean harengana gerturatu eta honela esan omen zion Deanok: «Hummm... sorry mate, I think I won!». Urautsi ondoan den ubidean zeuden ontzietara begiratu zuen Andyk, eta, ikusleek, baieztapen keinu bat egin zioten, Deanok zer esan zion asmatu izan balute bezala. Ezer esan gabe batel batean ontziratu eta lehorreko bidea hartu omen zuen Andyk, negarrez, lur jota.
Gizaki gisa jokatzen duenean gizakia nolakoa den erakusten duen istorio bat baino ez da, nortasun kontuetan ikasgai gisa balio dezakeena. Ikasi nahi duenarentzat, noski, ez baitago ikasi nahi ez duena baino gauza hutsalagorik.
Datorren irailaren 18an independentziaren gaineko erreferenduma izango da Eskozian, eta, emaitza edozein delarik ere, gauza bera esan ahal izango diote eskoziarrek David Cameron lehen ministroari, «hummm... sorry mate...». Katalanek berdin, azaroaren 9an galdeketa egingo dute, eta, egiten badute, emaitza edozein delarik ere, «hummm... ho sento amic. Crec que sóc jo el que ha guanyat» esan ahal izango dute.
Euskal Herrian ez gaude etxafuegoak botatzeko moduan, bananduta eta elkarri purrustaka gabiltza. Hala ere, oraindik garaile eta garaituen diskurtsoarekin tematzen denari edo mendeku gosez ezer konpontzeko asmorik ez duenari, Andyri Deanok esan zion moduan, norbaitek esan beharko lioke: «Hummm... barkatu txo, uste diat irabazi duena ni naizela». Andy bezala, alfer-alferrik, airera tiroka baitabiltza.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
