Amets TXURRUKA
Caja Rural taldeko txirrindularia

«Pescaito frito»

Vueltako lehen etapa hauek Andaluziako kostaldean zehar egin ditugu. Jerezko erlojupekoaren ondoren, Espainiako hegoaldean dauden hondartza asko zeharkatu ditugu, baina turismoa egiteko aukerarik gabe. Hala ere, antolakuntzak azken urte hauetan hartutako erabakiak onak izan direla ikusi dugu beste behin. Lasterketa abuztuaren azken astean hasteak eta jendea oporretan dagoen inguruetara hurbiltzeak, irteeran, bide bazterretan zein helmugetan jendetza biltzea lortu du.

Ikuskizunari dagokionez, on egin dio Vueltari planteamendu berri honek, azken urteotan ahulduta baitzegoen.

Cadizko kostako herri hauetan biltzen den jendearen interes handiena ez da gure lehiaketa, ordea. Atzo adibidez, hondartzatik jaiki eta bide bazterrean pilatzen zen jendeari eguzkitako kremaren usaina zerion eta harridura aurpegiz ere begiratzen ziguten askok. Herritxoak zeharkatzen genituenean, aldiz, kremari «pescaito frito» usainak hartzen zion gain. Izan ere, uda giro honek bainu bat hartu ondoren, eguerdi partean gerizpetan eseri eta garagardo fresko bat hartzeko gonbidapena egiten du.

Txirrindulariok, «pescaitorik» ez dugu ez dastatu, ezta ikusi ere. Baina gaur egin duen beroarekin, 40 gradutik gora alegia, bakailao lehorren itxura geneukan denok ere. Lehor-lehor eta gatzez zuri-zuri iritsi gara. Hau tratua gorputzari!

Conil eta inguruak zeharkatu ditugunean, ikurrinak eta euskarazko animo oihuak ere asko sumatu ditugu. Euskaldun askok dute inguru honetara etortzeko joera, are gehiago, askorentzat umetan gaztelaniaz ikasteko udaleku izan direla ere esango nuke. Aitortu behar dut, uda giro paregabea egiten duen garai honetan, jendearen gehiengoa oporretan erlaxatuta ikusten dudanean, inbidia apur bat ere ematen didala.

Bukatzeko, gaurko etapako irteerako showaren aipamen txiki bat ere egin beharko dut ba! Espainiako Armadaren itsasontzi batetik irten behar genuela- eta, 2 ordu aurretik joanarazi gaituzte Cadizeko portura. Han beraien traste pila guztia erakutsi digute eta helikoptero eta hegazkinez josi dute zerua. Harro inondik ere paparra medailaz josita, armadako goi kargudunak.

Non geunden zalantzaren bat baneukan ere, itsasontzi barrura sartu gaituzte eta Espainiako ereserkia ozen entzunarazi digute, bandera handi bat aurrez aurre altxatuz (hau ere bageneukan ba, gaur).

Behin irteera neutralizatua eman digutenean: «Eto e Cadi, pixa!», oihu egin didate. Argi geratu zait bai, pentsatu dut neure kolkorako.