Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia
Vuelta 2014

Ihesaldiak

Orain arte idatzitako hainbeste zutaberen artean ihesaldiei buruz zerbait esan izan dudan zalantza dudan arren, beste behin eguneko ihesaldian sartzearen garrantzia eta zailtasunaren inguruan aritu nahi nuke. Beste kontu ezberdin bat baita ihesaldiak arrakasta izatea. Herensuge koloretsua engainatzea oso zaila da-eta txirrindularitzan. Ibilbidearen arabera, etapa oso ezberdinak izaten ditugu hiru astetako itzuli batean zehar. Batetik, etapa lauak, teorian esprintean bukatu beharko luketenak daude. Hauetan, ihesaldiak helmugara iristeko aukera oso gutxi izanagatik, nahiko erraz sortzen dira. Telebistan minutu batzuk irabazi eta taldeari protagonismoa eman asmoz, ihesaldian sartu nahi duten txirrindulariak azkar antzean antolatzen dira eta eraso gutxirekin tropelaren baimena izan ohi dute.

Beste alde batetik, ibilbide gorabeheratsua eta kontrolatzeko zailagoak diren etapak daude. Beste hauetan, ihesaldia hartzeko borroka handia egoten da. Izan ere, arrakastarako aukerak izan ditzakeela jakitun izaten gara eta askok nahi izaten dugu helmugara irits daitekeen taldetxo horretako partaide izan. Halakoetan, tropelak ez du berehala baimenik ematen eta erasoa erasoaren ondoren ibiltzen gara egurrean hasierako kilometroetan.

Azkenik, goi mendiko etapetan ere, oso lehiatua izaten da ihesaldiko taldetxoan sartzea. Sailkapeneko liderrek taldekideren bat tropelaren aurretik izatea nahi izaten dute, benetako erasoak hasten direnean edota mugimendu estrategikoren bat antolatzen denean laguntza eskaini ahal izateko. Ez hori bakarrik, ihesaldian sartzen den hori igotzailea baldin bada, mendiko sailkapena edota etapa bera lehiatu dezake.

Ihesaldia harrapatzeko beste faktore bat, hasierako kilometro horien orografia da. Etapa lautadan hasten baldin bada, erasoan sar daitezkeen txirrindulari kopurua oso anitza da eta potentzia handia behar izateaz gain, zorteak zeresan handia izaten du. Aldapa gora baldin badira, ordea, gaitasuna duten txirrindulari kopurua murritzagoa izan ohi da. Pisu eta potentziaren arteko oreka egokia beharrezkoa da. Etapa hauetako ihesaldian sartzeko zorteak baino pisu handiago hartu ohi du gaitasunak.

Bukatzeko, ihesaldian sartzeko moduez zerbait esatea gustatuko litzaidake. Txirrindulari batzuk erasoan dabiltzan txirrindularien gurpilean itsatsiz lortzen dute eguneko ihesaldian sartzea eta beste batzuek aldiz, indar erakustaldi ikaragarriak eginez lortzen dute ihesaldian sartzea. Aipatutako azken hauen multzoan dago gure taldekide Lluis Mas. Lehen etapa hauetan indarraren puruz lortu ditu ihesaldiak. Pistatik datorren mutila da eta lautadan astakilo baten moduan erasotzen du. Potentzia ikaragarriz egin du aurrera azken egunotan ihesaldia osatuz eta mendiko maillota lortuz, bejondeiola! Bere ezaugarriak kontuan hartuz, erresistentzia faltako zaio agian bigarren eta hirugarren asteko erdi eta goi mailako mendi etapetan maila hori mantentzeko, baina bestelako etapa gogorragoak datozenean taldekideok hartu beharko diogu lekukoa. Mendiko maillota jasotzeko hordagoa bota dit eta ahalegina egingo dudala agindu diot.

Gaur egun horietako bat izan da eta saltsan ibili naiz baina ordubete pasa egurrean ibili ondoren lau txirrindulari oso indartsuk alde egin dute eta ezin izan dut beraiekin egon. Sari potoloa eta merezitakoa izan du gaur De Marchi italiarrak. Ihesalditan ohikoa da hau ere eta gaur merezitako etapa ederra irabazi du.