Iritsi da arazoa konpontzeko garaia
Aurreko denboraldietan Avironek ikaragarrizko arazoak izan ditu etxetik kanpo, eta gaur Castresen gauzak aldatu nahi dituzte.

Etxetik kanpo puntuak lortzea ikaragarri kostatu izan zaio Avironi azkeneko denboraldi hauetan, eta ikusi nahi da aurten ere bide beretik jarraituko duen edo ez. Horretarako gaur bertan hasi beharko du erakusten, eta zerbait ere nabaritu daiteke.
18.30ean jokatuko du talde zuri-urdinak Castresen zelaian, eta ez da irabazteko leku batere erraza izango. Frantziarrek jokatutako bi partidak galdu egin dituzte, eta puntu gehigarria bakarrik daukate lortuta. Amaieran, ordea, Ligako kanporaketak jokatu nahi dituzte, eta aurreneko partida irabazteko asmoarekin zelairatuko dira.
Lapurdiko hiriburuko taldeak lehen jardunaldian galdu egin zuen etxean Toulonekin, egungo txapeldunarekin, baina pasa den larunbatean Oyonnaxekin ez zuen horrelakorik egin, erraz hartu baitzuen mendean. Horiek Avironen ligakoak ziren, eta bost puntu atera zituen.
Gaur irabazteak sekulako balioa izango luke. Alde batetik, azken urte hauetan kanpoan erakutsi duen ahuleziari buelta emango lioke, eta aldi berean indar handia ere hartuko luke.
Hamabostekoa ez du ezagutzera eman Noriegak, baina bai deialdia, eta honako jokalari hauek izango dira Castresen: Arganese, Chisholm, Etrillard, Fa'aoso, Fonua, Gayraud, Haare, Iginiz, Jgenti, Labouyrie, Marmouyet, Muller, Ollivon, Senekal, Van Rensburg, Elisalde, Fernandez, Larrart, Loustalot, O'Connor, Rokoçoko, Rouet, Spedding, Stewart eta Ugalde.
Biarritz eta derbia
Pro 2 Mailan, Biarritzek lehen jardunaldian doi-doi irabazi zion Aurillaci 16 eta 15, eta bigarren jardunaldian Albin jokatuko du, eta ez du berriro ere partida erraza izango, talde hori ere Top 14ra igo nahi duten multzo horretan baitago. Norgehiagoka bihar jokatuko dute, 15.00etatik aurrera.
Ordizian, berriz, euskal derbi erakargarria izango da, lagunartekoa bada ere. Gaur, 17.00etan Altamiran Ordizia eta Donibane Lohizuneko Saint Jean de Luz Olympique neurtuko dira, eta Ordizia Cup torneoa egongo da jokoan. Ohorezko Mailan eta Federal 1 mailan ari diren bi talde onen arteko neurketa izango da, eta talde bakoitzaren maila nolakoa den ikusteko aukera ona da. Ustez, bien artean ez luke ikaragarrizko alderik egon behar.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
