Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia
Vuelta 2014

«Abanikoak»

Andaluzia eta 40 gradutik gorako tenperaturak atzean utzi, eta, poliki-poliki, iparralderantz dator aurtengo Vuelta. Teorian, etapa laua denean, «trantsiziozko» etapa bat dela esan ohi dute kazetariek, baina, benetan diotsuet: gaur egungo txirrindularitzan gero eta etapa lasai gutxiago daude.

Gaur -atzo- zuzendari zein talde guztiek zekiten saihetseko haizea izango zela, eta, segur aski, ia autobus gehienetako bileretan zuzendariek beraien txirrindulariei batera egon eta adi egoteko eskatuko zieten, saihetseko haizeak sortu ohi duen sarraskia libratze aldera taldekideak gertu edukitzearen abantaila baliatu eta eguna ahalik eta ondoen salbatzeko. Saihetseko haizea izaten denean, izan ere, «abaniko» izenarekin ezagututako multzoak sortu ohi dira pelotoian. Zaila egiten da esplikatzea, baina, abanikoetan edo taldekako erlojupekoetan, txirrindulariok portuetan baino gehiago sufritu ohi dugu.

Abaniko bat sortzean, tiraka doanak haizea datorren alderantz tiratuz lan egiten du, normalki, norbere taldekideentzako soilik lekua utziz. Horrela, haizetik babesterik ez duenak, ezin izaten du luzaroan gurpilean iraun, eta poliki-poliki multzoa gutxitzen joaten da. Abaniko batean, bizirik irauteko era bakarra tiraka doazenekin batera errelebora pasatzea da, baina, sinesgaitza egiten bada ere, abanikoaren atzean izugarrizko borroka egon ohi da errelebora sartzeko lekua hartzeko. Horrela bada, Andaluzian egunotan izandako eguzki izpiek sortutako bero zakarra apaltzeko batek baino gehiago erabili dituen «abanikoek» haize freskoxeagoa sortzen duten bezala, gaurkoan -atzo- guztiz kontrako zerbait gertatu da: haizea bera izan da «abanikoa» sortu duena.

Horrela bada, hurrengo zutabea idatziko duen eta segur aski gaur -atzo- etapa guztia zelaren punta-puntan jarrita egin duen 58 kiloko mutilari erreleboa emango diot. Gainera, behin haize kontuak amaituta eta mendia iritsita, Caja Ruraleko maillota ihesaldiren batean ikusiko dugun errezeloarekin agurtzen naiz...