Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Billabong Pro Tahiti 2014: Medina garaile surfaren historian izan den lehiaketa ikusgarrienean

Ez da gehiegikeria Teahupoon lehiakideek bizia joka zezaketela esatea. Baldintza zinez beldurgarrietan itsasoratu behar izan dute surflariek eta ikuskizuna ezin hobea izan da. Garailea, WCTko ranking orokorrean buru den Gabriel Medina brasildar gaztea izan da.

ASP zirkuitua amaitzeko gero eta txapelketa gutxiago falta direnean ranking orokorrak forma hartzen hasi dira, eta, hala, kasu batzuetan aurtengo irabazleak nortzuk izan daitezkeen gero eta argiago dago. WCT zirkuituan, esaterako, orain artean ia ezinezkoa zirudien ideia bat gailentzen hasi da: 2014ko munduko txapelduna brasildar bat izan daiteke.

Medina buru

Tahitiko txapelketa irabazi ostean ranking orokorrean lehen postuan jarraitzen du Gabriel Medina brasildarrak, alde handiz gainera. Ia hamar mila puntuko aldea ateratzen dio bigarren postuan den Kelly Slater estatubatuarrari. Txapelketa bat irabazteagatik zortzi mila puntu eskura daitezkeela kontuan izanda, brasildarrak beste lehiakideekiko duen aldea oso handia da.

Aurtengo WCT zirkuitua osatzen duten 11 txapelketetatik jada zazpi txapelketa egin dira eta zortzigarrena datorren astean bertan hasiko da Trestlesen (Kalifornia, AEB). Oso txapelketa gutxi falta dira, beraz, aurtengo itzulia amaitzeko.

Medinak orain artean bezala jarraitzen badu, zirkuitua amaitu aurretik eskuratu ahal izango du txapela. Hori bai, oraindik goiz da ezer aurreratzeko, izan ere, gauza asko gerta daitezke datozen egunetan.

Medinak Slater garaitu du Tahitin. Inork gutxik espero zuen emaitza izan da Teahupookoa, izan ere, txapelketan zehar ez zen gehiegi nabarmendu brasildarra. Kelly Slater eta John John Florence ziren ikuskizun gehien eskaintzen ari zirenak, horregatik ziren txapela eskuratzeko faboritoak. Aldiz, finalera iritsi aurretik elkarren aurka aritu behar izan zuten bi faboritoek finalerdietan.

Ikusle eta jarraitzaile askoren esanetan, benetako finala Florence eta Slaterren artekoa izan zen. Izan ere, Tahitiko txapelketen historian izan den txanda ikusgarriena izan zen. Inork ez ditu inoiz lortu bi lehiakideok txanda horretan olatu bakoitzeko jasotako puntuazioak.

Slater vs. Florence

Finalerdietako txandan, Slaterrek hiru olatu baino ez zituen hartu, honako puntuazioekin: 8,17, 9,77 eta 10. Florence gazteak, berriz, lau olatu hartu zituen, eta puntuazio baxuena 9,10 puntukoa izan zen. Beraz, txandak iraun zuen artean bi lehiakideek hartu zituzten zazpi olatuetatik seitan, 9 puntutik gorako puntuazioa jaso zuten bi surflariek.

Txapelketan zehar Florence eta Slaterrek jasotako puntuazioa kontuan hartzekoa da. Gutxi izan ziren epaileek Tahitin eman zituzten hamarrekoak, baina, horietatik gehienak, Slaterrek lortu zituen. Bi hamarreko egin zituen Floridakoak Teahupoon. Florence hawaiiarrak, berriz, hamarreko bat egin zuen.

Beste datu interesgarri bat honakoa da: Slaterrek Billabong Pro Tahiti 2014 txapelketan guztira hamalau bider lortu zuen 9 puntutik gorako puntuazioa. Florence gazteak, berriz, hamaika bider gainditu zuen 9 puntuko erlaitza.

Bi lehiakideon kasuan, batez ere esanguratsua izan zen hirugarren errondan eskaini zuten ikuskizuna. Florencek guztira hiru olatu hartu zituen eta puntuazio baxuena 9,63 puntukoa izan zen. Slaterren kasuan are eta emaitza hobeak izan ziren, hartu zituen bost olatuetan jaso zuen puntuazio baxuena 9,20 puntukoa izan baitzen.

Txapelketa munduan, ordea, sarri ez du onenak irabazten, ongien lehiatzen duenak baizik. Horrenbestez, hamarrekorik egin gabe eta 9 puntuko olatuak zortzi bider eginda, Medina gazte brasildarra izan zen finalera iritsi eta azkenean txapela eskuratu zuena.

Finala

Lau eta bost metroko olatu beldurgarrietan egin ziren Billabong Pro Tahiti 2014 txapelketako azken txandak. Baldintza ikaragarriak izan dira aurtengoan Teahupoon eta lehiakide guztiek erakutsi dute sekulako maila eta ausardia.

Azkenean, ordea, Gabriel Medina brasildarra gailendu zen guztien gainetik, eta, aurtengoan hirugarren aldiz, WCT itzuliko txapelketa batean irabazle izan zen.

Slater eta Medinaren arteko finala ikusgarria izan zen. Biak bikain aritu ziren, Slaterrek 18,93 puntu bildu zituen, eta, Medinak, berriz, 18,96 puntu. Beraz, oso alde txikiarekin gailendu zen brasildarra.

Hurrengo geldialdia irailaren 9tik 20ra bitartean izango da Kalifornian. Oso bestelako baldintzak izango dira Trestlesen, olatu txikiko lekua baita. Ikusteko dago zer gertatuko den.