Geografia
Geografian hutsune handia dudala onartu behar dut, baina txirrindularitzari esker pixkanaka-pixkanaka munduko herrialde ezberdinak kokatzen eta txoko ezberdinak ezagutzen noala dirudi. Alde batetik, bidaia asko egiten ditugu. Egoten garen leku bakoitzean, bertako ohitura, kultura eta berezitasunetan sakontzeko aukera askorik izaten ez baldin badugu ere, herrialde ezberdin asko bisitatzen ditugu eta azal-azaletik bada ere ideia nagusi bat egiteko aukera izaten dugu.
Txirrindularitza profesionalean daramatzadan bederatzi urte hauetan, herrialde asko eta kontinente gehienak bisitatzeko aukera izan dut. Batez beste guztiak zeharkatu ditut bizikletari esker. Afrika da falta zaidana eta berau hartuko dut hizpide gaurkoan.
Espainiako Itzuliaren historian, Afrikako talde batek parte hartzen duen lehen aldia da aurtengoa. MTN Qhubeka talde hegoafrikarra da hori. Nik Hegoafrikako Barloworld taldeari esker egin nuen profesionaletan debuta eta ez nau harritzen herrialde horretan goi mailako taldea osatzea, zaletasun handia baitago. Froome bera han hazitakoa da, adibidez.
Baina, gaurkoan, alboan itsatsita duen herrialdeari buruz hitz egin nahiko nuke: Namibiari buruz. Hegoafrikaren mendebaldean kokatzen da Namibia eta aurtengo Vuelta honetan deskubritu dudala aitortzen dut, Namibiari buruz ezertxo ere ez bainekien.
Baina Europcar taldeko Dan Craven txirrindulari bereziak eman dit ezagutzera. Mutil berezia da inondik ere Dan; bere itxura fisikoak atentzioa ematen du lehen begiradan. Txirrindularitza mundu honetan ohikoa ez den ile luzea eta bizar handia du. Batek baino gehiagok esan omen dio izan dugun beroarekin nola ez duen bizar luze hori moztu. Baina kanpoko itxuraz gainera, are bereziagoa omen da bere izaera. Tipo oso argia eta jakintsua omen da. Filosofia, Zientzia Politikoak eta Ekonomia ikasketak egindakoa. Aitona, errugbiaren historian gizon garrantzitsua izan omen zen. Jokalari eta hautatzailea, eta apartheid-aren aurkako borrokan zeresan handia izan zuena nonbait. Danek babesle propioa du taldean. Bere ordainsaria, gastuak eta zerbait gehiago jartzen duena. Itxura guztien arabera, txirrindularitzako arlo ezberdinetan topikoetatik bereizten dena da hegoafrikarra.
Bukatzeko eta geografiarekin lotuta, gaur -atzo- Espainiako orografia eta inguruak ezagutzeko eguna izan dugu. Egun luze eta gogorra. Irteerara 110 kilometro egin ditugu autobusez. Jarraian, 185 kilometro bizikletaz, eta, dutxatu ondoren, beste 240 kilometro autobusez, mendi bide bihurrietan zehar, hurrengo hotelera. Eskerrak bihar atseden eguna den!

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
