Bizikletaz ala oinez?
Azkenaldi honetan, modan jarri dira igo ezineko malda duten portuak, zenbat eta portzentaje handiagoa hobe! Bizikletaren gainean oreka mantentzea ere zaila den malda pikoetan bihurritzen ikusi nahi gaituzte dirudienez. Horretarako, asfaltatu gabeko mendi bideak konpondu edo existitzen ez diren mendateak asmatzera ere iritsi dira, Cuitu Negru adibidez. Eskiatzeko pista baten asfaltoa bota eta bertan gora igoarazi gintuzten. Gaur [atzo], Camperonako gainean bukatu da etapa, %24ko portzentaje maximoa duen mendatea.
Egia esan, mendate ikusgarri hauek ikuskizun gutxi eskaintzen duten iritzikoa naiz. Igotzea bera nahikoa lan gogorra izanda, ez du eraso eta mugimendu estrategikoetarako aukerarik ematen. Txirrindulari onenaren eta atzetik datozenen arteko abiadura ezberdintasuna txikia izan ohi da; denok ere aldamenean oinez aise jarraitzen gaituzten ikusleen antzeko abiaduran igotzen dugu. Sarri entzun izan dut bizikletari oinezkoak jarrai diezaiokeen portuak ez liratekeela jarri behar lasterketetan, baina azkenaldiko joera hau izanik, bertara ohitzea beste erremediorik ez zaigu geratzen.
Entrenamenduetan ere, inguruko mendi tontorretara igotzeko joera areagotu egin da gure artean. Zementuzko bide kaxkarretan gora mendigoizaleen harridurazko begiradapean etxe inguruko mendi tontor asko zapaldu ditugu azkenaldian: Santa Eufemiako bolo-tokia, Karakate, Sagar-erreka, Oiz mendiko antenak, Mendexa hormigoizko bidetik igota... Hau da, autoek ere lehendabiziko martxa sartu behar duten errepideetan zaildu gara.
Nire gelakide Pello [Bilbao] eta biok etapa aurreko solasaldian gai honi buruz aritu gara. Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko lizentziatua da Pello, eta berritzailea aspektu askotan. Gaurkorako [atzo] planteatzen zidan proposamena ere berritzailea da inondik ere. Horren malda pikoa duten aldapetan, oinezkoen antzeko abiaduran igotzen dugunetan, agian hobe litzatekeela bizikletatik jaitsi, eta, ziklo-krosean egiten den antzera, bizikleta bizkarrean hartuta korrika egitea. Planteamendua, honakoa: maldarik pikoenean jaitsi, korrikaldi batekin erasoa jo eta malda suabeago egiten denean berriz ere bizikletara igo.
Gaurkoan [atzo] oraindik ez dugu aproba hori egin, baina hitzordua jarrita dugu: entrenamendu luze baten ondoren gure etxe alboan ditugun malda horietako batera heldu eta geure artean karrera egitea, bietako bat bizikleta gainean eta bestea korrika bizikleta bizkarrera jasota. Emaitzaren arabera, datozen karreretarako, plater eta piñoien garapena aldatu beharrean, bizikletako zapatilen zola aldatuko dugu agian!

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
