Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia
Vuelta 2014

Iraileko malda

Behin abuztua pasa eta gero, irailarekin batera, bakoitza bere eginbeharretara bueltatzeko garaia iristen da. Langileak lanean hasi ohi dira iraileko lehen astean, eta haurrek, aldiz, ikastola garaiaren hasiera izaten dute egunotan. Guraso garenentzako, ikastolarako arropa zein liburu berriak erosi beharra izaten dela-eta, iraileko malda dela esan ohi dute. Baina, nire ustez, abuztuan majo gozatu, eguraldi ona aprobetxatu eta oporretan zoragarri pasa eta gero, iraileko benetako aldapa irailean berriz ere lanera bueltatzea izaten da.

Txirrindulariontzat, aldiz, iraila denboraldiko azken hilabetea da. Dagoeneko gure hankek 30.000 kilometro izan ohi dituzte pilatuta, eta, autoei kilometro horiekin tailerrean errebisioa egitea tokatzen zaien bezala, gure gorputzei ere errebisio txiki bat komeni izaten zaie behin sasoi honetara iritsita. Denboraldiko garai honetarako, gainera, batzuek, Sagan berak adibidez, etorkizuna konponduta eta urteko helburuak beteta izaten dituzte. Horrela zaila izaten da motibazio zein pedal kolpe aproposa bilatzea. Beste batzuentzat, aldiz, Froome, Contador eta Purito kasu, aurrez izandako erorikoen erruz galdutako aukerak errekuperatzeko hilabete aproposa izan ohi da iraila. Baina Vueltara egindako bisita laburrean antzeman ahal izan nuen bezala, morala eta indarrak nahiko akituta dituzte jada pelotoiko kide askok. Santiagora egin behar duten erromesaldi partikularrean, gutxi batzuek bakarrik lortuko dute euren helburuak betetzea, eta, zoritxarrez, gainontzeko guztiei iraileko malda are eta gogorragoa egingo zaie.

Covadongako aintziretan bukatu den etapa eder honetan, urtean zehar ere arrakasta izan duten Purito, Contador ala Valverdez gain, Lampre taldeko Niemec berak ere atera dio zukua iraila izan ohi den «errekuperazio» hilabeteari. Dagoeneko aukera gutxi geratzen zaiela eta balentriak gauzatzea aski zaila dela onartu arren, nire animo eta bultzada osoa bidali nahi diet Vuelta honetan ditudan lagun zein taldekideei. Diotenez, esperantza omen da amaitzen den azken gauza, eta ea hemendik eta Santiagoraino geratzen zaien iraileko malda eramangarri eta probetxugarri egiten zaien.

Zoritxarrez gauzak behar bezala ez badira irteten, gainera, beste batzuk lanean hasi diren bitartean gu geu oporretan egongo garen aitzakiarekin kontsola gaitezke txirrindulariok. Beraz, «bolie aurrera» joan dadila, iraileko malda zein Vuelta bera laster bukatuta dira eta.

Etzi arte, ondo izan eta gozatu atseden egunaz!!!