Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia
Vuelta 2014

JASPak, GABak eta GEBak

Duela urte mordoxka bat, auto baten iragarki batean entzun nuen aurreneko aldiz JASP terminoa. Ez dakit marketin estrategia hutsa zen ala momentuan norbaitek asmatutako modako hitza, baina antza JASP siglek gaztelerazko Jóvenes Aunque Sobradamente Preparados esan nahi zuten.

Bere egunean Sagan, Cancellara, Boonen, Contador eta Valverdek egin zuten moduan, teorian etorkizuna berea duten eta izugarrizko talentua duten Stuven, Jungels ala Van Poppelen taldekide izatea egokitu zait aurten. Pelotoian, segur aski, talentu ikaragarria duten harribitxi asko egongo dira talde ezberdinetan sakabanatuta, baina bakoitzak bere etxekoak ezagutzen ditu ondoen, eta, beraz, beraiei buruzko gogoetak errazago egin ditzakegu.

Zutabe hau idazten ari garen bi kideok 24 urterekin lortu genuen profesional mailara saltoa ematea. 21 ala 22 urterekin, nahikoa lan izaten genuen Euskaldun Torneoko lasterketetan muturra sartzen. Aurrez aipatu ditudan nire hiru taldekide JASPetatik, berriz, 22 urte egin berri dituzte Jasper eta Bobek, eta Dannyk 21 urte bete ditu aurten. Dannyk, adibidez, Tourreko bost etapetan aurreneko hamarren artean sailkatzeko gaitasuna izan du 20 urterekin -iazko eta aurtengo Tourrak kontutan hartuta-. Aurtengo Tourra bukatu bezperan bete zituen 21 urte, eta ordurako bere garaipenen markagailua bian zuen Jan Paul Van Poppel handiaren seme gazteenak. Jasper, bere aldetik, jada bost aldiz sailkatu da aurreneko bederatzien artean Vuelta honetan. Bobek, azkenik, barruan duen harribitxia erakutsi eta bi aldiz aurreneko bederatzietan sailkatzeaz gain, ihesaldietan maila bikaina erakutsi du.

Beraiekin hitz egiten dudanean, sarritan esaten diet inbidia sanoa ematen didatela. Gero, txapeldun handien eta erdipurdiko txirrindularien arteko diferentzia besterik ez dela konturatzen naiz. Debuteko urtean ala aurreneko pare bat urtetan asko jota, pelotoiko kide gehienok gure kirol ibilbide guztian baino gauza gehiago erakusteko gai dira txapeldun handiak. Noski, hasiberritan horren maila altua izanda, pixka bat hobetzen dutenean -hau da, 25 urte ingururako, gaur egun Sagan, Quintana ala Degenkolbek duten adina- bizitza osoa irabazten daramaten sentsazioa nagusitzen da pelotoian.

Baina etorkizun aparteko gazteok podiumeko koska altuenetan leku bat izan dezaten, Cancellara, Boonen, Purito ala Valverde bezalako beteranoek utzi behar diete lekua. Eta oilar beteranoek ez dute oraindik euren azken kokorikoa egin (EGA atera nuenean ala esan zidaten behintzat, ez kirriki ez kukurruku, euskal oilarrek kokoriko egiten zutela!). Beraz, JASPak izan baditugunez, GABak bataiatuko ditugu gaurkoan: Gaitasun Altuko Beteranoak. Vueltan elkar mokoka ikusi ditugun honetan, ez izan zalantzarik GABek euren leku pribilegiatua ez dutela horren erraz utziko.

Horrela bada, GABek zein JASPek emango diguten ikuskizunaren zain uzten zaituztet. Onenak irabaz dezala, baina, JASPek irabazten badute, zaharxeagoak garenok ez gaitzatela jubilatu oraindik, zerbait egiteko gogoa badugu-eta!! Horrela bada, etzira arte agurtzen da GEB bat: Gaitasun Erdipurdiko Beterano bat!