Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia
Vuelta 2014

Aurkaria eta laguna

Ezinbestean aurkariaren lagun izatera behartzen duen kirol bakarretakoa izango da txirrindularitza, baina ezin da premisa modura kontsideratu esandako hori. Ihesaldietan batzen garenean, gehienetan elkar hartuta ibiltzen gara, baina egia da ez dela beti horrela izaten. Batzuetan, iraganeko trapu zaharrek, interes ezberdinek edota aurreko egunetan tintontzian utzitako kontuek ezin ulertuak ekartzen dituzte ihesaldiko kideen kaltetan. Horren adibide dira aste honetan lasterketa irabazi nahi dutenen artean agertu diren tirabirak.

Lehiaketa bati, berez, gainerako parte hartzaileei irabazteko helburuarekin egiten zaio aurre. Zenbatetan entzun ote ditugu gurasoak garrantzitsuena parte hartzea dela esaten? Bada, kirol profesionalean, esaera horrek indarra galtzen du. Talde profesionaletan, babesle nagusiek diru kopuru eta egitura handiak jartzen dituzte beraien izena besteen gainetik ikusi ahal izateko, eta, inbertsio hori amortizatzeko modurik onena, noski, garaipena lortzea izaten da.

Txirrindularitzaren kasuan, etapa garaipena lortzeko faktore askok izaten dute eragina. Horietako bat ihesaldietan norbere aurkariaren lagun egin behar izatea da. Azken egun hauetako ihesaldiek helmugara arte iristeko aukerak dituztela badakigunez, ia denok nahi dugu ihesaldi horietako partaide izan. Baina, kontua da, behin ihesaldia sortuta, han barruan dagoen bakoitza lagun eta aurkari bilakatzen dela aldi berean. Tropelari abantaila atera ahal izateko, denek aritu behar dute gogor elkarri errelebo onak emanez, bai behintzat tarterik sortu nahi bada. Behin tartea zabalduz gero, baina, elkarlanean jardun dugun ihesaldiko lagunak aurkari bihurtzen garela konturatzen gara. Irabazteko aukerak mantendu nahi baldin badira, eta, tropelak irenstea ekidin nahi bada, ez da komeni aurkariari laguntza ukatzea. Baina, aldi berean, larregi lagunduta ere, lagun horrek berak irabazteko arriskua izaten da. Egoera kuriosoa eta intrigaz betetakoa izaten da.

Gaur [atzo] Philippe Gilbertek beste behin ere eguneko ihesaldian egon nahiko lukeela idatzi du Twitterreko bere kontuan. Baina ironiaz gaineratu du bere antzera beste 130 txirrindularik ere helburu bera zutenez, ez zela erraza izango. Atzo [herenegun], tropeletik alde egindako 11 laguneko taldetxo batean bat egin genuen hark eta nik. Erreleboak indarrez eman genituen tropelak ihes egiteko baimenik ematen ez zigulako. Tartetxo bat zabaldu genuenean, inguruan nituenei errepasoa egin nien eta denak ere ihesean joateko lagun onak zirela konturatu nintzen. Kalitate handiko txirrindulariak ziren, baina jakitun nintzen ere aurkari gogorrak zirela beraien aurka etapa lehiatzeko. Ez da erraza oreka hori bilatzea, hau da, lagun indartsuak topatzea, eta, aldi berean, aurkari ahulak izatea. Ederra litzateke konbinaketa hori, baina, zoritxarrez, horrelakorik ez dago.

Sailkapen nagusia jokatzen duten talde indartsuenak ere aurkari zuzenak izaten dira, baina sarri ikusten ditugu elkarlanean tropelaren aurrealdean ihesaldia behera botatzeko. Berdin gertatzen da esprinterren taldeekin ere. Kasu honetan, azken metroetan elkarren aurka adarrak apurtzen arituko diren gizonen taldeak erraz aliatzen dira, batera lan egiteko.

Esan bezala, irabazteko lehian, konbinaketak Rubiken kuboak dituenak adina dira ia-ia. Asmatzea zaila.