Hurley Pro at Trestles 2014: Jordy Smith irabazle eta Gabriel Medina ranking orokorreko buru
Jordy Smith hegoafrikarrak irabazi du Trestlesen. Gabriel Medina final laurdenetan kaleratu dute, baina mutilen rankingeko buruan da oraindik ere. Nesken kasuan, Stephanie Gilmore australiarrak irabazi du eta Carissa Moore hawaiiarrak rankingeko lidergoa galdu du.

Pasa den astean amaitu zen Kalifornian (AEB) egin zuten goi mailako txapelketa. ASPko lehiakide onenak bildu ziren Hurley Pro at Trestles 2014 txapelketan parte hartzeko. Mutilen kasuan, Jordy Smith hegoafrikarra izan zen garaile. Nesken kasuan, berriz, Stephanie Glimore australiarrak irabazi zuen San Clementeko txapela.
Trestleskoa WCT zirkuitua osatzen duten 11 txapelketatik zortzigarrena izan zen. Proba honen ostean, ez dirudi aldaketa nabarmenik eman denik ranking orokorrean, baina badira kontuan hartzeko zenbait datu: aldagai berriek eragina izan dute rankingean eta aukera berriak sortu dira.
Lehen hiru postuetan ez da aldaketarik izan, baina Medinak beste lehiakideei ateratzen dien abantaila txikiagoa da orain. Beraz, lehen postuan jarraitzen du brasildarrak, bere atzetik Kelly Slater dago (aurten oraindik ez du txapelketa bat bera ere irabazi) eta Joel Parkinsonek hirugarren postuan jarraitzen du.
Gabriel Medina final laurdenetan gelditu zen kanpoan, Adrian Buchan australiarrak kaleratu baitzuen, eta, ondorioz, ranking orokorrean gainontzeko lehiakideekiko zuen alde handia murriztu egin da. Atsekabetuta zegoen brasildarra, baina, bere hitzak entzunda, aurrera begira jarraitzen duela nabari da: «Adrian oso ongi aritu da eta nik akatsak egin ditut. Halere, bosgarren postua emaitza ona da. Orain txandak gainditu eta gogor lan egitea besterik ez dut buruan».
Slaterrek txanda zailak gainditu behar izan zituen finalerdietara iristeko. Joel Parkinson kaleratu ostean, berriz ere John John Florence gaztea izan zuen aurkari. Aurreko txapelketan ere, Tahitin, Slater eta Florence izan ziren finalerdietan, baina Slaterrek irabazi zuen. Trestlesen, ordea, Florence izan zen Floridakoa kanporatu eta finalerako pasea eskuratu zuena.
Honela mintzo zen Slater: «Johnekin surf egiten gozatzen dut. Estresagarria da, baina ondo pasatzen dut. Nire ustez txapelketa honetako lehiakide onena izan da».
Azkenean finalera Jordy Smith eta John John Florence iritsi ziren. Metro eta erdiko olatuak izan ziren. Haizeak apur bat narrasten zuen uhin magala, baina Trestlesko olatuak halakoak dira. Ez oso indartsuak, ezker-eskuin irekitzen dute eta ariketa asko egiteko aukera luzatzen dute.
Finala hasi eta gutxira 9,33 puntuko olatu bat egin zuen Jordyk. Hiru bira azkar eta erradikal egin zituen jarraian, bata bestearen atzetik. Florence hurbil izan zuen, momentu batean, amaiera aldera, irabazteko aukera ere bazuen, baina ez zuen hegoafrikarra garaitzea lortu.
Mutilen itzulian hurrengo txapelketa irailaren 25etik urriaren 6ra bitartean jokatuko da, Euskal Herritik oso gertu, Hossegor eta Seignosseko olatu ederretan.
WCT zirkuituan aldaketa esanguratsuak eman dira Trestlesko txapelketa amaitu ostean. Carsissa Moorek lidergoa galdu du ranking orokorrean eta hirugarren postura jaitsi da. Bere lekua Sally Fitzgibbons australiarrak hartu du azken txapelketan bigarren postua eskuratu ostean lortutako puntuei esker. Trestlesen txapela irabazi zuen Stephanie Gilmorek ere gora egin du eta egun ranking orokorreko bigarren postuan da.
Horiek horrela, lehen hiru postuetan diren lehiakideek bina txapelketa irabazi dituzte orain artean aurtengo itzulian. Laugarren postuan dagoen Tyler Wright australiarrak, berriz, txapelketa bat irabazi du orain artean aurtengo itzulian.
Finalean, bi australiar aritu ziren buruz buru: Stephanie Gilmore eta Sally Fitzgibbons. Sekulako maila erakutsi zuten bi lehiakideek. Gilmorek hamarreko bat jaso zuen olatu batean. Sally ere bikain aritu zen, lan handia eman zion bere arerioari, baina azkenean Gilmore beteranoa gailendu zen.
Trestleskoa zirkuituko zazpigarren txapelketa izan da. Nesken kasuan guztira hamar txapelketek osatzen dute aurtengo zirkuitua, eta, mutilen kasuan bezala, hurrengo txapelketa Hossegorren izango da. Txapelketa irailak 23tik 29ra bitartean jokatuko da.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
