Izeta IV.a eta Aimar Irigoien prest eta gogoz agertu dira
Zarauztarra eta errezildarra datorren larunbat arratsaldean, urriaren 4an, neurtuko dira Azpeitiko zezen- plazan, 18.00etan. 137,5 eta 152 kiloko harriak erabiliko dituzte, hamar minutuko hiru txandatan.

Aimar Irigoien eta Izeta IV.a atzo eguerdian agertu ziren prentsaren aurrean, datorren larunbat arratsaldean, urriaren 4an, alegia, 18.00etan Azpeitiko zezen-plazan jokatuko duten apustua aurkezteko asmoz.
Apustu handia egin dute bi kirolari gazte hauek. Irigoienek 152 kiloko harri kubikoa erabili beharko du, eta Izetak, berriz, 137,5 kilokoa. Bakoitzak hamar minutuko hiru txanda izango ditu lanerako; beraz, ordu erdi bat bete beharko dute. Banaka arituko dira, aurrena bat, eta ondoren bestea, eta horrela izango da txanda guztietan. Lehenengo zein arituko den egunean bertan egingo duten zozketan erabakiko dute. Amaieran berdinketa egongo balitz, aurretik aritu denak irabaziko du.
Kirolari bakoitzak bi laguntzaile izango ditu, bat denbora kontrolatzeko eta bestea harriak jartzeko, eta plazara bi harri eramateko aukera izango dute. Horrela bat apurtuko balitzaio, bestearekin lanean aritu ahal izango luke. Harriek apustua hasi baino ordubete lehenago egon beharko dute plazan. Alde bakoitzak 8.000 euro jokatuko ditu. Amaieran dopinaren aurkako kontrola pasa beharko dute, eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren kontrolpean jokatuko da.
Bi kirolariak gustura agertu ziren, eta apustua jokatzeko gogoz. Biek ongi ezagutzen dute elkar, adin bertsukoak baitira eta ume eta gaztetxo zirenean biak elkarrekin entrenatzen baitziren. Apustua ikusteko sarrerak 35 eurokoak izango dira.
Aurretik, ordea, bihar bertan, Aldaban, Gipuzkoan, jokatuko da Aldaba Harria Txapelketa, 18.00etan. Aspaldian ez da egin, eta lau kirolari handi lehiatuko dira Aldabako pilotalekuan; Eizmendi, Izeta II.a, Otaegi eta Telleria II.a.
130,3 kiloko harri traketsa da Aldabakoa, nahiko bihurria, eta bakoitzak bost minutuko txanda izango du lanerako. Lau kirolariak nahiko trebeak dira harri baldarrekin, baina Izeta II.a izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Hala ere, Eizmendi ere ez dago ahazterik. Donostiako Igeldo Harria Txapelketa irabazi egin zuen, eta Aldabara ere asmo bera eramango du. Ikuskizuna behintzat ziurtatuta izango da.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
