Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Bodyboard

Lavernhe eta Rinder munduko txapeldun

Atzo Portugalen amaitu zen lehiaketarekin 2014ko txapeldunak izendatu ziren.

Bodyboardaren historian izan den urterik zailenean Amaury Lavernhek eskuratu du titulu mundiala. Itzuliko azken txapelketa bertan behera geratu ostean, Portugalen erabakiko zen 2014ko bodyboard txapelduna nor izango zen eta horrela izan da.

Urtea zirkuitu mundiala antolatzeko erakunde berri batekin hasi zen. Babesle eta bitarteko egokien faltan zaleak eta lehiakideak antolatu egin ziren eta APB (Association of Professional Bodyboarders) itzulia osatu zuten. Berez, urtero moduan Kanariar uharteetan amaitu behar zuen zirkuituak, baina aurten ere bertan behera utzi dute txapelketa hori eta beraz, atzo bertan amaitu zen Portugalgo txapelketa izan zen 2014ko itzuliko azken txapelketa.

Bitartekoak eskura ez izan arren, APB erakundea 2014ko bodyboard txapelduna izendatzeko gai izan da antolatzaileek egin duten esfortzu handiari esker. Pipelinen hasi zen zirkuitua, gero Brasilen egin zuten bigarren txapelketa Itacoatiaran. Hirugarren eta laugarren txapelketak Txilen izan ziren, Arica eta Antofagastako urautsietan. Eta azkenik, berez, azken-aurreko txapelketa izan behar zuenarekin amaitu da 2014ko itzulia Portugalen.

Portugalgo Praia Grandeko urautsian egin zen Sintra Pro txapelketa erabakigarria zen, beraz sekulako tentsioa zegoen lehiakideen artean, izan ere bazekiten azken emaitza haren araberakoa izango zela rankingean lortuko zuten azken postua.

Txapelketa aitzin rankingean buru zen Pierre-Louis Costesek titulu mundiala eskuratzeko aukera oro galdu zuen bosgarren errondan kaleratua izan ostean. Horren ostean hiru lehiakide izan zitezkeen munduko txapeldun: Jared Houston, Amaury Lavernhe edo Uri Valadao.

Final-laurdenetan Jared Houston kaleratua izan zenean, bi lehiakideen artean zegoen munduko txapela, edo Uri Valadao edo Amaury Lavernhe izango zen txapeldun, eta azkenean Lavernhe frantsesa gailendu zen.

Nesken kategorian titulu mundiala eskuratu zuen lehiakidea orain artean izan den txapeldunik gazteena izan zen. Alexandra Rinder da 2014ko nesken bodyboard zirkuituko txapelduna. Hamasei urte besterik ez dituen Kanaria uharteetako neskatoak sekulako abilezia erakutsi du eta aurrera begira zeresana ematen jarraituko du.

Belauniko egiten den kategorian (drop-knee), berriz, Dave Hubbard iparramerikarra da aurtengo munduko txapela eskuratu duen lehiakidea.

Alex Uranga zumaiarrak sekulako urtea egin du, bikain aritu da eta munduko titulua eskuratzeko aukera ere oso gertu izan du. Aurtengoan ez du lortu, baina esandakoa, oso gertu ibili da.