Surflari Ernegatua

Mike Stewart jainkoa

Ekimen gain karga izan da pasa den astean gurean. Sopelan, surfa ardatz hartuta sekulako egitaraua egin zuten, bazen non aukeratu, zer ikusi eta ikasi. Zarautzen berriz, bi surflari itsu elkartu ziren, Derek Rabelo brasildarra eta Aitor Francesena zarauztarra. Batak jainkoari eskerrak ematen dizkio itsu delako, besteak berriz, bere egoera madarikatzen du, baina aurrera egin behar dela dio.

Zuei kontatzeko ekimen guztien artean bat hautatzearren, Derek Rabelok Zarautzen aurkeztu zuen filma izango dut hizpide. Munduan zehar ari da bere istorioa kontatzen duen pelikula erakusten.

Brasilgo auzo txiro batean hezi eta surfean eman zituen lehen urratsak kontatzen ditu. Gero, Hawaiiko Pipeline olatu famatuan surf egitera nola joan zen kontatzen du, eta jarraian, amets bat lortzeko egiten duen bide luzea azaltzen du. Helburua, Pipelinen tubo bat egitea. Bitartekoa, fedea.

Bidaian, eliza protestanteko kide den morroi batek laguntzen du. Azken finean, «walking on water» filmak halakoak dira, surfa erabiltzen da jendearen arreta bereganatzeko eta amaieran Jainkoaren mezua zabaltzen da. Ez noa ni kontu hauetan sakontzera ordea, filma laburtu eta ondorioak ematearekin nahiko izango da.

Beraz, Derek Ipar Amerikara joaten da. Han, babesleak lortzen ditu, dirua, eta munduko surflari onenen laguntza du, besteak beste, Rob Machado, Kelly Slater edo Laird Hamiltonen aholkuak jasotzen ditu.

Pipelinera joaten da. Bertako «Da Hui» taldea, elkarte zibilizatu gisa aurkezten dute, talde horretako kideen zeregin nagusia jendea urautsitik ostiaka ateratzea denean. Haien baimenarekin Pipelineko urautsian surf egin dezakete, eta bertako surflarien laguntza ere jasotzen du Rabelok, baina ez du tuboa egitea lortzen, besteak beste, olatu oso handietan ere ez dutelako sartu nahi mutikoa. Ametsak hor jarraitzen du ordea, eta lortu beharra dago, izan ere, mezua hori da, «ez galdu fedea, ez etsi, Jainkoaren laguntzaz lortuko duzu».

Slaterrek esan zion, «Pipelinen tubo bat egin nahi baduzu, Mike Stewartek lagundu behar dizu». Azkenean, Mike Stewartekin elkartzen dira eta honek lortuko dutela esaten dio. Stewart munduko bodyboard zale beterano onena da. Surf eta bodyboard komunitatean oso errespetatua. Slaterrek behin esan zuen: «Mike Stewart da Pipelineko surflaririk onena».

Stewartek, Rabeloren taula alde batera utzi eta bere bizkar gainean eramaten du brasildarra urautsira. Hiruzpalau saiakeren ostean lortzen du bizkarrean daraman haragi-hezurrezko poltsarekin ganorazko tubo bat egitea eta horrela amaitzen da filma. «Jainkoak lagundu dio Rabelori bere ametsa betetzen, berarekiko fedea inoiz galdu ez duelako». Ados nago. Jainkoak lagundu ez balio ez luke inolaz ere lortuko. Beraz, Jainkoa, Mike Stewart da.