Pro France 2014: Tyler Wright garaile eta mutilak lehian
Tyler Wright australiarrak irabazi du Hossegorren nesken munduko txapelketa. Mutilek oraindik lehian jarraitzen dute. Ranking orokorra kolokan egon daiteke.

Aldaketa esanguratsuak izan dira berriz ere munduko nesken itzuliko rankingean. WWCT zirkuitua osatzen duten hamar txapelketetatik zortzigarrena zen atzo Hossegorren amaitu zena, eta aurtengo itzulia amaitzeko bi txapelketaren faltan, ez dago batere argi 2014ko nesken titulu mundiala eskuratzeko aukera gehien duen lehiakidea nor den.
Mutilen kasuan oraindik ez da Hossegorreko txapelketa amaitu, aste honetan jakin ahal izango da zirkuitua amaitzeko hiru txapelketa falta direnean ranking orokorra zertan den. Asteburuan ahalik eta txanda gehien egin nahi izan dituzte antolatzaileek, aste honen amaieran izango den itsaskiarekin batera ikuskizun onena bermatzeko.
Gabriel Medinak alde handiz jarraitzen du WCT rankingean buru, baina txapelketa honetan kale egiten badu eta puntan diren beste lehiakideek (Kelly Slater, Joel Parkinson edo Mick Fanning) gora egiten badute, aurtengo titulu mundiala eskuratzeko ametsa galdu dezake. Alderantziz, ordea, brasildar gazteak emaitza on bat egiten badu, aurtengo itzulia amaitu aitzin 2014ko titulua eskuratzeko aukera asko izango ditu; beraz, asko da jokoan dagoena.
Aurtengo denboraldia mendean hartuta zuen Carissa Moor hawaiiarrak pasa den astean lehen postua galdu zuen Trestlesen (Kalifornia) amaitu zen txapelketan. Gaindiezina zirudien lehiakidearen mitoa erorita ate asko ireki ziren eta Hossegorren lidergoa berreskuratzeko ahalegin guztiak egin baditu ere bere arerioek inoiz baino indartsuago daudela erakutsi dute. Aspaldi ikusi ez den bezalako maila eta ikuskizuna eman dute Hossegorren neskek.
Carissa Moore finalerdietan kaleratu zuen Courtney Colongue iparramerikarrak. Neskato gazte honek sekulako txapelketa egin zuen gainera. Lesio baten ondorioz itzuliko hiru txapelketa galdu ostean Trestlesen proba egitea erabaki zuen, nahiko ongi moldatu zen, emaitza ikusgarririk lortu ez bazuen ere, eta Hossegorren finalera iritsi zen.
Colonguerekin batera, Tyler Wright gaztea izan zen finalean eta azkenean Wright gailendu zen. Sekulako finala egin zuen australiarrak, izan ere 19'20 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin (9'5 eta 9'7). Colonguek ostera, 12'43 puntu baino ez zituen jaso, olatu on bat egin zuen, baina bigarren bat falta izan zitzaion txanda behar bezala borobiltzeko.
Azken txapelketetan bikain aritu den beste lehiakide bat Joahnne Defay da. Reunion irletako surflari honek denboraldi luzeak egiten ditu Biarritzen eta sarri ikus daiteke Euskal Herriko urautsietan surf egiten eta entrenatzen. Finalerdietan kaleratua izan arren kontuan hartzeko lehiakidea dela erakutsi zuen Hossegorreko txapelketan.
Gauzak honela, egun nesken WWCT rankingeko lehen postuetan australiarrek jarraitzen dute. Lehen postuan Sally Fitzgibbons aurkitzen da. Bigarren postuan Tyler Wright dago, zeren Hossegorren irabazi ostean bi postu igo da. Hirugarren postuan Stephanie Gilmore, postu bat egin du behera. Eta laugarren postuan Carissa Moore, azken txapelketaren ostean postu bat egin du behera, baina kontuan hartu behar da Trestleseko txapelketa egin aurretik rankingeko buru zela.
Pauline Ado hendaiarra postu bat igo da, baina oraindik hamalaugarren postuan da.
Mutilen kasuan, hirugarren errondako lehen lau txandak egitera iritsi ziren atzokoan, beraz oraindik erronda eta txanda ugari falta da Quiksilver Pro France 2014 txapelketako irabazlea nor izango den jakiteko.
Txapelketa honetan lehiakideek lortutako emaitzen arabera ranking orokorrean gerta daitezkeen aldaketei dagokienez, lehenengo postuetan dauden lehiakide guztiek hor jarraitzen dute, ez dira kaleratuak izan, beraz interesgarria izango da aste honetan Landetako olatuetan gertatzen dena.
Izan ere, lehen postuetara iristen direnek ranking orokorrean beren puntako postuak mantendu ahal izango dituzte eta zirkuitua amaitzeko hiru txapelketa baino falta ez direnez, aurtengo sasoia postu onean amaitzeko aukera gehiago izango dute. Bestalde, orain behera egiten duenak errekuperatzeko aukera gutxi izango du.
Aritz Aranburu zarauztarra egun ranking orokorreko 29. postuan da, baina txapelketa amaitzean gauzak alda daitezke. Hossegorren ez zuen lortu bigarren txanda pasatzea, Owen Wright australiarrak irabazi zion.
Aurten, oraindik, ez da itsaski indartsurik izan Hossegorren, eta ez da ohiko tuborik egon. Halako baldintzetan bikain aritzen da Aranburu, baina esan bezala, aurtengoan hondoak ez daude bere onenean.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
