Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Nik badut kontsulta eskubidea

Ene, ene! gaur egungo mapa politikoek luze gabe aldaketa handiak izango badituzte ere, gaur egungo gaztelerazko hiztegiak jada hasiak dira aldaketak izaten. Atzoko zenbait hitz gaztelerazko adiera aldatua dute gaur, Akademiak halaxe erabakita; momentuz Erresuma Batua izaten segitzen duen horretan, batetik, eta behin-behinekoan Espainiako Erresuma izaten saiatzen den hartan, bestetik, gertatzen ari diren gorabeherek eragindako aldaketak. Hiztegiak behintzat dinamikoak diren seinale, aldagarriak, zerikusirik ez batzuen Gutun Handi aldagaitzekin. Lurrikaretan ere eraikin zurrunak dira lehenak jausten; malguak dira horren lekuko. Eta gaur gaurkoz, epizentroa bazterrean dago, Katalunian. Dena dela, gauza bat da berben adiera, eta kontzeptuak, argitzea eta beste gauza bat da kontzeptuen anabasan berbak endredorako ahoratzea. Gure hiru lurralde historikoen Erkidegoan burujabetzaren inguruan jelkideek duten diskurtsoaren irudirik aproposena itsasontziko Marx anaien kabinako hura delakoan nago ni. Baina hura fikzioa zen, behintzat. Beste batzuek, ostera, jakin izan dute transatlantikoa ederto biratzen.

Ez du esan, bada, lehendakariak erabakitzeko eskubidea baino gustukoagoa duela, dutela pentsatu behar, kontsultarako eskubidea. Hori dok/n eta! Ama, ama! -TZEKO eta -RAKO zer atzizki diferente diren! Funtsezkoa aurrekoa izan arren, ERABAKI eta KONTSULTA. Total, kontsultarakoa gustukoago. Politika kontuak gustu kontu bihurtzen direnean, akabo politika! Eusko Jaurlaritza eta Basque Culinary Center, pareko! Ajuria Etxea dastaleku! Pentsatzen hasita, nik gaur ere badut, izan, kontsultarako eskubidea; telefonoa hartu, altxatu, finkoa baita nirea, Osakidetzako 902 batera deitu eta zita eskatu dezaket, aurretik ere. Gero kontsultan, medikuaren esku dago erabakia. Jelkideen berrikuntza, innobasque helburu, zera da, balizko medikuaren esku uztea gaixoak nolako jaka jantziko duen erabakitzea, barrutik zenbat poltsiko izan gaixoaren esku utzi litekeela, aurretik adostua. Horregatik esaten zaio gaixo osasunez ondo ez dagoenari, eta gizajo ogasunez ez dagoenari. Poeta andaluziarra gogoan: gaixo egotea baino okerragoa da mediku txarra izatea. Total, hango Estatuak hemen kontsulatua izan ordez, hemen hangoen kontsultategia izan. Innobasque!