Jon LEUNDA
aizkora Nafarroako Lehen Mailako finala

Nazabalek berean jarraitzen du

Etxarrikoak hasieratik bukaerara kontrolpean izan zuen finala, eta amaieran minututik gorako aldea atera zion Jon Rekondori.

Floren Nazabalek irabazi zuen atzo Etxarrin jokatu zen Nafarroako Lehen Mailako finala, aurreikuspen guztiak beteta. Berria bukaeran etorri zen, Euskal Herriko finala ez duela jokatuko esan baitzuen Nazabalek, arazo fisikoekin dabilela-eta. Beraz, hori kontuan hartuta, Ander Erasunek aritu beharko luke, berak amaitu baitzuen zazpigarren, jokatu zen kanporaketan.

Jende asko batu zen atzo finala zuzenean ikustera. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Euskal Herriko finalean izango den lanarekin alderatuta, bi oinbiko gutxiago izan ziren lanean aritzeko.

Floren Nazabal izan zen orain dela bi aste jokatu zen kanporaketako onena, eta atzo ere horrelaxe izan zen. Une honetan koska bat gorago dago bere herrialdean, eta hasieratik kontrolpean izan zuen txapelketa.

Hastapenean Jon Rekondo saiatu zen bera estutzen, baina apurka-apurka aldea ateratzen joan zen, eta amaieran gehiegi behartu beharrik ez zuen izan, bukaeran garaipena erdiesteko. Rekondok ere bigarren postu hori ia hasieratik izan zuen eskuetan, eta horri eustera joan zen. Hala gertatu eta bigarren postu horri eutsi ahal izan zion.

Oihan Larretxearen lana ere aipagarria izan zen. Maila ikaragarria du gazteak, nahiz eta azken urte hauetan apur bat kateatuta zegoela zirudien. Atzo sekulako lana egin zuen. Aurreneko bi enborretan adar oso itsusiak izan zituen, eta horrek denbora asko galarazi zion, baina buelta eman, eta hirugarren amaitu zuen, sekulako erakustaldia emanda. Bigarren postua ere ez zuen oso aparte izan, baina egindako lana bikaina izan zen.

Ruben Saralegik ere lan txukuna egin zuen. Nazabalengandik lau minutu pasara amaitu zuen bere jarduna, baina leitzarra oraindik oso gaztea da, eta ez zuen izan aitzakiarik bere lanak. Ander Erasun ere oraindik oso gaztea da, baina berarengan itxaropen handiak zeuden. Euskal Herriko finalean sartzetik oso gertu geratu zen, eta orain Nazabalek parte hartzen ez badu, berak bete beharko luke leku hori. Halere, atzo ez zuen egun onik izan, eta amaieran zazpi minutura amaitu zuen bere jarduna.

Orain maila nagusietako txapelketak amaitzeko, Bizkaiko finala eta hemendik hiru astera jokatuko den Euskal Herriko finala geratzen dira lehen mailako finalak amaitzeko. Euskal Herriko Bigarren eta Hirugarren mailakoak ere jokatzeko daude.

Atutxatarrek eutsi egin diote Binakako Bizkaiko txapelari

Atutxa aita-semeak nagusitu ziren herenegun Bizkaiko Binakako finalean. Hala ere, gogor lan egin behar izan zuten Larrea aita-semeak mendean hartzeko.

Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Bi bikote hauen lana paregabea izan zen, eta emozioa azkeneko unera arte izan zen. 16 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten Atutxa aita-semeek. Bigarren Larrea aita-semeak sailkatu ziren, eta 17 minutu eta 11 segundokoa izan zen horien denbora.

Podiuma, berriz, Bihurri aita-semeek osatu zuten, eta 19.53ko denbora eginda. Azken hauek baino zazpi segundo gehiago behar izan zituzten Irazabal anaiek.

Guztira, zazpi bikote lehiatu ziren, eta horien artean gazte asko ere izan ziren lehian. Horixe izan zen berririk onena, izan ere etorkizuna eurena izango baita. J.L.