Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Quiksilver Pro France 2014: John John Florence nagusi, WCTko proba garrantzitsuenetako batean

WCT zirkuituko hamargarren proba John John Florence hawaiiarrak irabazi du. Rankig orokorrean Gabriel Medina brasildarrak jarraitzen du buru, eta atzetik, Kelly Slaterrek jarraitzen dio. Hossegorren lehen postuetan aldaketak gerta zitezkeen, baina ez zen horrela izan.

Amaitu da Hossegorren Quiksilver Pro France mundu txapelketa. Tentsio handia izan da WCT itzuliko hamargarren proban. Lehiakideek ranking orokorrean duten postua egonkortu edo hobetzeko azken aukeretako bat zen eta hori nabarmena zen.

John John Florence hawaiarra nagusitu zen azkenean. Ranking orokorrean, berriz, Gabriel Medina da buru oraindik, eta atzetik Slaterrek jarraitzen dio. Hain zuzen ere, bi lehiakide hauen arteko lehia izan da atzo amaitu zen Hossegorreko txapelketak izan duen osagai interesgarrienetako bat.

Medina vs Slater

Aurten ere itsaski handia izan da Landetan eta WCTko lehiakideek munduko surflari onenetakoak zergatik diren erakutsi dute. Hondoak beste urte batzuetan bezalako tuboak sortzen ez bazituzten ere, olatu ederrak izan ziren eta baldintza gogorretan aritu behar izan zuten lehiakideek. Horri esker sekulako ikuskizuna izan zen eta, urtero bezala, jendetza gerturatu zen ikuskizunaz gozatzera.

Hiru metroko olatu indartsuetan mota guztietako ariketak ikusi ahal izan ziren. Baina begi guztiak, batez ere, Gabriel Medina eta Kelly Slaterri begira zeuden. Floridakoak Medina garaitu eta ranking orokorreko lehen postua eskuratu nahi zuen, baina brasildarra bikain aritu zen, eta ez zion hamaika bider munduko txapeldun izandakoari bere nahia betetzen utzi.

Final laurdenetan joan zen Gabriel Medina kalera. Josh Kerren aurka ari zela, olatu baten gainean, lemak hautsi zitzaizkion eta oso urduri jarri zen, hortik aurrera ez zuen markagailuari buelta ematea lortu. Bere onetik aterata zegoen eta txanda amaitu zenean ezin izan zuen bere dezepzioa ezkutatu.

Slaterrek hura ikusita nola edo hala bere txanda gainditu behar zuela ikusi zuen, baina bere aurkari Jordy Smithek ez zion batere lan erraza jarri. Gauzak honela, Slater ere kalera joan zen, eta Medinak bezala, ezohiko irudia eman zuen, bere surf taula, haserre, kolpeka zerabilela.

Florence vs Andre

Bi protagonistak kaleratuta, faboritoa John John Florence zen. Txanda bakoitzean itsasoratzeko hondartza zeharkatu behar zuenean jendea arrapaladan hurbiltzen zitzaion animoak ematera. Txapelketa osoan bikain aritu zen. Gainontzeko lehiakideentzat ere baldintzak gogorrak direnean bera eroso sentitzen dela erakutsi zuen, eta horrela, finalean ere nagusi izan zen.

Jadson Andre brasildarra eta John John izan ziren finalean. Hawaiiarrak menderatu zuen final osoa. Sekulako olatuak egin zituen, tubo bikainak eta olatu bakoitza bira bortitzekin amaitzen zuen. Andre, ostera, ez zen kokatzen, olatu aukeraketan huts egin zuen eta olatu amaieretan atera egiten zen azken ariketa bat egin beharrean.

Euskal Herritik gertu egon arren, gurean euria nagusi zen bitartean, eguzkia zuten Landetako kostaldean. Olatuak handiak ziren, hiru metrotik gorakoak, eta lehiakideek zorrotz altxatzen ziren uhin tontorrak atzeman behar zituzten olatu egokiak egin ahal izateko.

Halako baldintzetan Florencek 16 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin (7,17+8,83), eta Jadson Andrek, berriz, guztira 4,57 puntu baino ez zituen bildu (2,00+2,57). Sekulako egurra jaso zuen, beraz, brasildarrak.

Hala ere, finala amaitzean besarkada estu bat eman zioten elkarri bi finalistek eta biak batera gerturatu ziren hondartzara ikusleen txalo zaparrada artean. Batak bestea zoriondu zuen, giro ona nabari zen, eta oholtzan ere biek eskertu zuten ikusleek eman zieten babesa.

Izan ere, bi finalistek bazuten kontent egoteko arrazoirik. Jadson Andre ez da inoiz final batean izan, aurten oraindik hirugarren erronda inoiz gainditu gabe zegoen eta txapelketa honen ostean 29. postutik 20. postura pasa da. Sekulako gorakada egin du, hortaz.

John John Florence hawaiiar gaztearen kasua ere aipagarria da. Azken hiru txapelketetan emaitza bikainak izan ditu. Tahitin hirugarren geratu zen, Trestlesen bigarren, eta oraingoan lehen postua eskuratu du. Denboraldi hasieran ranking orokorreko azken postuetan zen eta orain 5. postuan da.

Horrez gain, hiru txapelketa desberdinetan, txanda batean 19 puntu baino gehiago biltzeko gai izan den lehiakide bakarra da. Horrek ohiko lehiakideengandik bereizten du, halako puntuazioa lortzeko gaitasuna oso gutxik baitute.

Azken txanpa

Orain bi txapelketa bakarrik falta dira aurtengo WCT zirkuitua amaitzeko. Medinak lehenengo postuan jarraitzen du. Bigarren postuan, berriz, Kelly Slater dago. Hirugarren postura Mick Fanning igo da, iaz Hosegorren bakarrik ez, munduko txapela ere irabazi zuen lehiakidea. Eta laugarren postura Joel Parkinson jaitsi da.

Hogeigarren postutik behera dauden lehiakideek jada aukera gutxi dute datorren urtean ere WCT zirkuituko 34 lehiakideen artean egoteko; beraz, azken bi txapelketetan lortzen dituzten emaitzen arabera jakingo dute datorren urtean ere lehen mailan egongo diren edo ez. Hori da, esaterako, Aritz Aranburu zarauztarraren kasua, egun ranking orokorrean 30. postuan baitago.

Hurrengo txapelketa urriaren 12 eta 23a bitartean izango da Portugalen, Penicheko olatu ederretan. Eta urte sasoia amaitzeko, beti bezala, Hawaiin bilduko dira munduko surflari hoberenak abenduan, Pipelinen egiten den txapelketa mitikoan parte hartzeko.