Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
SURFA WWCT Ranking

Stephanie Gilmore nagusi WWCT rankingean

Portugalen irabazi ostean, nesken munduko rankingean buru jarri da Gilmore.

Atzo amaitu zen Portugalen egin berri duten WWCT zirkuituko azken-aurreko txapelketa. Guztira hamar txapelketek osatzen dute nesken lehen mailako itzulia; beraz, txapelketa bakar baten faltan emaitza garrantzitsua lortu zuen atzo Stephanie Gilmorek Portugalen.

Cascais Women Pro txapelketa irabazita, ranking orokorrean buru jartzea bakarrik ez, bere aurkari nagusi Carissa Moor lehiakidea paretik kentzea ere lortu du australiarrak.

Izan ere, aurten ranking orokorrean buru zen Carissa Moor hawaiiarrak emaitza txarrak egin ditu azkenengo bi lehiaketetan eta, aldiz, Gilmorek gora egin du, puntako postuak lortu baititu.

Gauzak honela, Stephanie Gilmore australiarrak du aurtengo munduko titulua lortzeko aukera gehien. Horrela izango balitz, seigarren aldiz irabaziko luke munduko txapela Gilmorek; izan ere, 2007, 2008, 2009, 2010 eta 2012. urteetan bera izan zen WWCT zirkuituko txapeldun.