Heziketa falta
Pasa den astean Zarautzen izan zen ezbeharraren harira asko flipatu dut azken egunotan. Banekien zirrara eta emozioak letoizko latetan prentsatuta jaten genituela, saltxitxak edo odolkiak balira bezala, eta gazteek, telebistaren seme-alabek, bizia egin eta bizi beharrean, berau kontenplatzeko heziak zeudela, baina azalean sentitzeak sekulako astindua eman dit. Gertatu dena ez baita bideo jolas bat, errealitatea baizik.
Gaur egun, heziketa ez dago zertan debekatu, prezioek bakarrik ez, komunikabideek ere galarazten dute masen garapen intelektuala. Informatzeko gaitasun gehien behar luketenek, sarri, ezjakintasun handiena dutela erakusten dute.
Igandean bi gizon itotzen dira Zarautzen. Komunikabideek ez dakite zer esan, gertaerak ez du askorako ematen, «surf egitera joan eta ito egin dira», baina orrialdeak bete eta titularrak gizendu behar dira, eta horretarako, antza, edozerk balio du, tinta beltzak ez baitu bihotzik.
Beren burua kazetari gisa aurkezten dutenek surfarekin zerikusia duen lehen pertsona topatu eta haren hitzak egia santua balira bezala aurkezten dituzte, esaten ari direna astakeria ikaragarria den edo ez jakin gabe, baina hainbeste urte daramatzate gauza bera egiten, non arraroa gauzak ondo egitea izango litzatekeen.
Anekdota gisa, bi lagun hawaiiar izan ziren pasa den astean Zarautzen eta nire bi taulak utzi nizkien surf egiteko. Egunkari bateko portadan agertu ziren, nire taulei egiten diedan RIP taldeko logoa duten surf taulekin. Biak adin txikikoak dira, inork ez zien argazkia argitaratzeko baimenik eskatu, baina bi egun lehenago itotako bi mutilen albistea laguntzeko hautatutako argazkia izan zen haiena.
Badira ganorazko gauzak esan dituzten surflariak, baina komunikabideek bete duten paperaz ari naiz. Halako ezbehar baten aurrean, testu didaktikoak eta aholku baliagarriak eman beharrean, kaka nahastu eta eskrupulurik gabeko artikulu sentsazionalistak argitaratu dituzte, eta zentzu honetan zuzen jokatu duen egunkari bakarretako bat GARA izan da.
Beren burua surf teknikari eta antzeko tituluekin apaintzen zuten pertsonaien hitzak entzun ahal izan ditugu, baina haietako batzuk pertsonalki ezagutzen ditut eta halako gai baten inguruan ganorazko aholku bat emateko gai ez direla esan dezaket. Izenak esango nituzke, batez ere norengatik ari ez naizen jakin dezazuen, baina ez dakit legala den.
Inork gutxik erakusten die surflariei itotzen ari dena nola atera behar den. Sorosleek itsasoa baino igerilekua ezagutzen dute, eta irakasteko aukera izan duten komunikabideek, betikoa egin dute, kaka. Oso arin hitz egin du jendeak. Norbait uretatik ateratzerako orduan arintasun bera erakutsiko balute, jende gutxiago itoko litzateke. Baina horrek heziketa eskatzen du, oso gutxi baitira norbait uretatik azkar eta modu egokian ateratzeko gai diren surflariak. Esandakoa, ez dago zertan heziketa galarazi, horretarako daude komunikabideak.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
