Jon LEUNDA
Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako finala

Iñaki Azurmendi buru dela Beasainek hartuko du saioa

Txapeldunarekin batera, Atutxa, Olasagasti, Unai Otaño, Otaegi eta Irazu arituko dira nor baino nor.

Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatuko da datorren igandean, 12.00etan, Euskal Herriko Lehen Mailako finala. Aurreneko aldiz hartuko du aipaturiko herriak honelako final bat, eta gainera, bertan, lehiakideen artean herrikide bat izango da, hau da, Iñaki Azurmendi, egungo txapelduna.

Aurtengo txapelketa honetan, gainera, Floren Nazabal faltako da. GARAk bere garaian iragarri zuen ez zela aterako, Nafarroako Txapelketako finala gerrietatik gaizki amaitu zuen Etxarrikoak. Ordurako kili-kolo zebilen, eta han ikusi zuen ez zegoela ongi, eta orain berretsi egin du.

Haren hutsunea betetzea kanporaketan zazpigarren amaitu zuen Erasuni egokitzen zitzaion, baina berak ere uko egin dio final honetan aritzeari, eta Jon Irazuk, zortzigarren sailkatuak, hartuko du leku hori.

Zizurkildarrarekin batera, Iñaki Azurmendi, Aitzol Atutxa, Joxemari Olasagasti, Unai Otaño eta Joseba Otaegi neurtuko dira. Lana ere azken urte hauetako bera izango da, bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko ebaki beharko baititu.

Aurtengo txapelketan, beste datu bitxi bat ere izango da, aurreneko aldiz ez baita nafarrik arituko final honetan. Bakarra sailkatu zen finalerako, eta berak ezin duenez, lehen aldiz herrialde horrek ez du ordezkaritzarik izango. Gipuzkoak, aldiz, gehiengoa izango du, seitik bost bertakoak baitira; eta Bizkaia, aldiz, Atutxak ordezkatuko du.

Final honek ikusmin handia piztu du, urteroko moduan, eta antolatzaileek iragarri zutenez, dena ongi antolatuta dute. 800 lagunentzako lekua dauka Antzizar pilotalekuak, eta 10.30ean hasiko omen dira sarrerak saltzen, finala hasi baino ordu eta erdi lehenago. Kontuan hartuta zenbat jenderentzako dagoen lekua, gomendagarria izango da ahalik eta goizenen joatea, gero arazorik ez izateko. Aparkalekuetan ere kartelak jarriko dituzte kiroldegia non dagoen zehazteko, eta aparkalekuak beraiek ere ongi ikusteko moduan egongo omen dira.

Atzo egin zen aurkezpenean han izan ziren Unai Otaño ez beste aizkolari guztiak, eta denen ahotan faboritoak aipatzerakoan Iñaki Azurmendi eta Aitzol Atutxa agertzen ziren. Bata da txapelduna, eta uda partean zenbait arazo izan baditu ere, orain sasoi onean omen dago; eta bestea, berriz, gaztea eta sasoi betean dagoena da. Hala ere, ikuskizuna emateko gogoz doaz denak, eta denek izango dituzte garaipena lortzeko aukerak. Agian zailena Irazuk izango du, hasieran ez baitzen finalerako sailkatu, baina berak ere izan du azken aste hauetan bere prestakuntza hobetzeko tartea. Denak joango dira gogoz eta ilusioz.