«Zarathustra» bidea (8c+) txaparik gabe Roland Hemetzbegerentzat
Eskalatzaile alemaniarrak 1996. urteko proiektu baten lehen igoera sinatu du paraboltik erabili gabe; hots, «trad» estiloan. Protagonistak dio katera iristeko azken metroak beldurgarrienak izan zirela.
Orriotan behin baino gehiagotan ekarri dizkizuegu Britainiar Handian oso errotuta dagoen trad estiloaren inguruko berriak. Estilo horretan, hots, paraboltak erabili gabe, jardun duena Roland Hemetzberger izan da. Berez, alemaniarra da, gaztea ere bai, baina estilo horretako makina bat bide gogor egin ditu. Azkena: «Zarathustra».
Marra hori Kufsteinen dago, eta 1996. urteko xede zahar bat da. Bada, alemaniarrak bide horren lehen igoera sinatu du paraboltak erabili gabe. Britainiarrek ez bezala, ez du E eskalan (arriskuarena) gradurik jarri; bai, ordea, zailtasun teknikoa (8c+). Bueno, lehendik jarrita zegoen, kirol eskaladako bide bat zelako.
Aurreratu dugun bezala, eskalatzaile gazte horrentzat «Zarathustra» proiektu zahar bat zen: «1996. urtean ekipatu zuten. Bidea ederra da oso: 40 metroko artesi luze bat eta azken sei metroak erabat leunak. Duela urte batzuk, lehen saioak egin nituen, baina, zoritxarrez, bidearen giltza gainditzeko sekuentziak ez nituen askatu. Ondoren, metro gogor horiek soka finkoarekin landu nituen, eta ohartu nintzen gai izango nintzela xede osoa era askean eskalatzeko. Paraboltik gabe kateatzeko amets egin nuen, hots, trad estiloan. Baina ohartu nintzen ezinezkoa izango zela batez ere azken babeslekua bi milimetroko artesi fin bat zelako eta soilik iltzeak sartzen zirelako. Alabaina, soka gainetik iltzeak, fisureroak... sartu nituen. Eta horrela jaio zen bide hori babesteko hartu nuen estiloa».
Amaiera beldurgarria
Alemaniarrak aurreratu duen legez, orain dela urte batzuk lehen ekinaldiak egin zituen: «Ez dut gogoan, baina uste dut lehen aldiz duela hiru urte bidearen sarreran jarri nintzela. Ez dut gezurrik esango: makina bat ordu jardun dut `Zarathustra'-n. Batez ere, iazko denboraldian izan zen. Aurten, berriz, bost egun behar izan ditut helburu hori poltsikoratu ahal izateko».
Bide horren zailtasun teknikoari buruz, eskalatzaile gazteak ez du zalantzarik: 8c+. Arriskuari dagokionez, adierazi du katera heltzeko azken metroak izan zirela beldurgarrienak: «Benetako beldurra azken metroetan pasatu nuen. Bidearen giltza poltsikoan nuen, eta horren ondoren, oso helduleku on bat duzu. Baina azken segurua zure oinetatik sei-zazpi metrora dago. Soilik iltze oso txar batzuk txapatzen dituzu, eta oraindik beste zazpi metro dituzu katera heldu aurretik. Tarte hori gutxi gorabehera 7b+ zailtasunekoa da. Ez nuen erori nahi, besteak beste, 20 metroko erorikoa duzulako. Zorionez, erorketarik izan gabe katera heldu nintzen».
Jakina, «Zarathustra» bidea estilo horretan sinatu ondoren, protagonista pozarren zegoen, batez ere kirol eskaladako bide zail bat trad estiloan egin zuelako: «Asko gustatzen zait sormena lantzea. Beste era batera esanda, nire marra sortu eta nire estiloan eskalatu. Horrek erabat betetzen nau».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
