Jon GARMENDIA
XILABA

Baionako finalean arituko den seikotea zein den argitu da Aiziritzen

Eneritz Zabaletak irabazi zuen Aiziritzen jokatutako azken finalerdia. Maddalen Arzallusek egin zuen bigarren, eta hirugarren izan zen Ramuntxo Christy, ezustean finalera sartu den bertsolari aihertarra. Sustrai Colina, Odei Barroso eta Xumai Muruak osatzen dute Baionan azaroaren 15ean kantatuko duen seikotea.

Aiziritzen, Nafarroa Beherean, jokatu zen Xilaba bertsolari txapelketako azken finalerdia, eta Eneritz Zabaleta nagusitu zen berdintasuna eta oreka ardatz izan zituen saioan, 18 puntuko aldea izan baitzen lehenengotik seigarrenera. Pettan Prebenderen aginduetara jardun ziren bertsolariak 300 entzuleren aitzinean Aiziritzeko herriko gelan. «Emaitzarekin pozik naiz, baina batez ere, ez nekielako nondik nora zihoan saioa, edo behintzat, nondik nindoan ni, Ramuntxo ongi ikusten bainuen, Patxi ere... denak, eta poz hartu dut finalean sartu naizelako berriro, gainera, arantza kentzeko balioko didala espero dut, bi alditan ez baitut ahal nuena eman eta Baionan etxean kantatzen dudala kontuan hartuz gogotsu izanen naiz», Eneritz Zabaletak eskaini zizkigun hitzak dira horiek. Maddalenek, aldiz, «bihar hobeto sentituko naiz, ez naiz erabat gustura gelditu, kontziente nintzen bertsoaldi batzuk ongi egin nituela, baina beste batzuetan ez naiz hain ongi ikusi eta horrek sentsazio kontrajarriak utzi dizkit», aitortu zigun.

Pozik Ramuntxo Christy zen, «nik ez nuen helburu finalera sartzea, ez behintzat hasi nintzenean, lehen kanporaketa pasa eta finalerdian lan on bat egin nahi nuen, eta sari gisa hartzen dut honakoa». Christyk lau aldiz hartu du parte txapelketa honetan, lehenean gai jartzaile gisa, eta ondorengo hiruretan bertsotan, beraz, badu meritua, bere ironia eta freskotasuna anitz eskertu ditu entzuleak eta lehen kanporaketan bezala, biziki txalotua izan zen atzokoan ere.

Zortziko handian txukun aritu ziren sei bertsolariak, Eneritz Zabaletak eta Patxi Iriartek gurasoen paperetik ireki zuten ofizioa, alabak errana zien ez zuela euskaraz ikasten segitu nahi, eta Eneritzek «euskara utzi nahi baldin badu, zerbait gaizki egin dugu», aitortu zion Patxiri, eta honek lasai egoteko erran, «euskaraz ala frantsesez berdin, ez du ikasten segitu nahi». Umoretik, eta fresko, lan ederra egin zuen Iriartek saio osoan, eskertzekoa da bere bertsokera, zertzelada ederrak uzten baititu aldioro.

Aitor Servier saioko gazteenak ere ederki hasi zuen ariketa puntuagarria. Uholdeak harrapatutako autoaren gainean ezarri zuen gaiak Egoitz Zelaiarekin batera, eta Servierrek ironiaz kantatu zion ederra zela «zure ondoan igarotzea, nire azken momentua», baina «elkarrengana hurbiltzeko momentua ez da orai» Zelaiak erantzun; atzokoan, hendaiarrak erakutsi zuen saio osoa txukun eta egoki kantatuz betetzeko gai dela, perla ederrak utzi baitzituen bidean. Zortziko txikian Ramuntxo eta Aitorrek ehiztarien paperean egindako lana aipagarria da, batez ere Christyk hura baliatu zuelako kartzelako lanean berriro gaia hartu eta lan eder bat eginaz finalerako txartela eskuratzeko.

Hamarreko txikian Eneritz Zabaletak biziki lan polita egin zuen, Belokeko monastegira pentsatzera joan nahi zuen Egoitz Zelaia bikote kideari «...beraz joan nahi duzu maitea hemendik/azken aldian ainitz daukazu frailetik/neri adarrak jarri zenizkidanetik», esanez amaitu zuen lehena, eta Egoitzek bikain erantzun zion: «...zurekin 10 urte nintzela ezkongai/ baina adarrak jarri nizkizun eta ai/pentsatzeko denbora besterik ez dut nahi», eta Eneritzek erasoan segituz: «Denbora behar duzu ez dut behar etsi/zugan behar dut oino pixka bat sinetsi/ niretzat zira horren eder ta berezi/ baina gureak Egoitz ote du merezi?/ zailtasun bakoitzean baitzoaz ihesi».

Puntuei erantzuten Aitor Servier bikain moldatu zen. «Usu gordetzen dugu sentitzen duguna...» puntuari «Gure artean dugu hori ezaguna/nahiz hurbilean dugun maitea, laguna/ zail da adierazten usu maitasuna» erantzunez, eta bigarrenari, «Eta zu hunkitzeko zer behar da egin?»: «Guttik egin izan du ene ahalegin/ Baditut bi begi ta ene bihotz gordin/ maitasun hitz goxoak ditut nik atsegin».

Kartzelakoan bi bertso eder osatu zituen Maddalen Arzallusek, «atea itxi duzu, eta ez duzu itzuli nahi» gaiari erantzunez: «Bi urte dira nere etxera bila etorri zirela/ pasatu ditut epaitegiak eta audientzi gela/ erruak ziren nere ideiak nere euskaldun labela/ orduz geroztik eguna hotz da ta gaua ez da epela/ orduz geroztik berdinak dira aintzina eta gibela/ norberak bere giltzik ez duen ate bat baita kartzela». Bigarrena: «Ez da erraza errurik gabe kartzelara joatea/ ta gutun bidez dudan maitasun apur hori ematea/ zeinen latza den barru honetan direnekin gizartea/ baina pasatu dira bi urte ta bukatu zait kaltea/ lehen egunean nere parean itxi zidaten atea/ orain atzean itxi didate banoa eta bakea».