Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Munduko ASP Junior titulua: Ribeiro eta Maeda txapeldun

Vasco Ribeiro portugaldarra eta Mahina Maeda hawaiiarra dira 2014ko munduko ASP Junior txapeldunak Portugalen irabazi ostean.

Portugalen izan berri da munduko junior txapelketa. Olatu bikainak izan dira Ericeirako kostaldean, eta azkenean, Vasco Ribeiro eta Mahina Maeda dira 2014ko munduko junior txapeldunak.

20 urte bitarteko lehiakideen kategoria da junior maila. Herrialde bakoitzak bere zirkuitu propioa dauka, Europakoa esaterako hiru txapelketek osatzen dute, baina horrez gain munduko ASP Junior titulua jokatzeko txapelketa bakar bat egiten da, eta horixe da, hain zuzen ere, pasa den astean Portugalen egin zuten txapelketa, Allianz ASP World Junior.

Gaztetxoen zirkuituak nahiko laburrak izaten dira, haien adina kontuan izanda opor garaian bakarrik egiten baitira txapelketak. Salbuespen bakarra munduko titulua jokatzeko txapelketa izaten da, alegia, aurten Portugalen egin duten txapelketa.

Ribeira D'Hilas urautsian izan zen txapelketa eta bi metroko olatu bikainak izan ziren. Eskuin olatu luze eta ederrak dituen hondartza honek bere onena eskaini zuen eta gaztetxoek etekina atera zioten Europako eskuin olatu hoberenetako bat denari.

Mutilen kasuan, lehia brasildar eta portugaldarren artean eman zen batik bat. Finalerdietan bi aberrietako lehiakideak izan ziren buruz buru. Batetik, Italo Ferreira eta Tomas Fernandes izan ziren, Ferreira gailendu zen bertako surflaria kaleratu ostean eta finalerako pasea eskuratu zuen.

Bestetik, Deivid Silva eta Vasco Ribeiro aritu ziren lehian, hauek ere brasildarra eta portugaldarra. Txanda honetan, ordea, Vasco Ribeiro portugaldarra izan zen irabazlea.

Finala hasi orduko Ribeiroren aldeko oihuak entzuten ziren hondartzan. Jende asko bildu zen urertzean finala zuzenean ikusteko. Ikusleek bertako surflariaren alde egiten zuten eta honek bere onena eman zuen denen gozamenerako.

Hemeretzi urte dituen brasildarrak olatu on batekin hasi zuen txanda, 6'17 puntu eman zizkioten epaileek. Ribeiro etxean zen, ordea, eta bikain ezagutzen duen olatu batean lehiakide gogorra izan daitekeela erakusteko 9 puntuko olatu batekin erantzun zion. Urertzean Portugaleko banderak astintzen zituzten jarraitzaileek pozarren.

Finalak iraun zuen artean Italo Ferreirok ez zuen etsi, azken minutura arte borrokatu zen, bira bakoitzean guztia ematen zuen, baina bere arerioa sasoian zen eta 9'63 puntu bildu zituen bigarren olatu batekin Ericeirako kostaldean nagusi dela erakutsi zuen. Hondartzan ere giro ezin hobea zegoen, jendea oso pozik zen Riveirok irabazi zuelako. Izan ere, portugaldar batek munduko ASP Junior titulua eskuratu duen lehen aldia izan da aurtengoa.

«Ez daukat sentitzen dudana adierazteko hitzik», zioen Riveirok, «babesa eman didan jende guztia eskertu nahi dut. Aste luzea izan da, batez ere gaur, lau bider itsasoratu behar izan baitut».

Etxean jokatzeak sortzen zion presioa ere izan zuen hizpide Ribeirok: «Finalean presio gutxiago nabaritu dut. Italo surflari bikaina da, beraz nik ahalik eta ondoen surfeatu nahi nuen, besterik ez».

Mutilen kasuan ez bezala, nesken kasuan, ez zen hainbesterakoa izan bi lehiakideek lortutako puntuen aldea. Mahina Maeda hawaiiarra nagusitu zen Guadalupe irletako Tessa Thyssen surflari bikaina garaitu ostean.

Maedak 13'56 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin, eta Thyssenek, berriz, 13'17 puntu lortu zituen; beraz, nahiko justu irabazi zuen hawaiiarrak.

Hala ere, hamasei urte besterik ez dituen Maedarentzat emaitza bikaina da eta ezin sinetsi zegoen hawaiiar gaztea: «Ezin dut sinetsi hau gertatu denik. Irabazteko aukerak nituela sinetsi behar izan dut lehenik, gero txanda bakoitzean kontzentratu naiz, eta horrela txandaz txanda egin ahal izan dut aurrera. Bidean jaso dudan babesa ikaragarria izan da, zoragarria».

Gauzak honela, 20 urtetik beherakoentzat munduko surf txapelketen denboraldia amaitu dela esan daiteke.