Nazareko olatua hartzeko kortxozko taula egin dute
Garrett McNamarak olatu handietarako kortxozko taula diseinatu du Portugalgo enpresekin elkarlanean.

Garrett McNamarak Mercedes-Benz markarekin elkarlanean jarraitzen du eta oraingoan kortxoz eginiko taula batekin dator. Corticeira Amorim eta Polen Surfboards enpresa portugaldarrek ere parte hartu dute olatu handietarako surf taularen diseinuan.
Iaz, Garrett McNamara olatu handietako surflari ezagunak Portugalgo Nazare urautsian olatu erraldoiak hartzeko taula berezi bat egin zuen Mercedes-Benz markarekin. Garrett eta enpresako ingeniariak elkarlanean aritu ziren Nazareko arroilan altxatzen diren olatu erraldoien gainean surf egiteko taula ahalik eta egokiena eta azkarrena egin ahal izateko eta otsailean aurkeztu zuten proiektuaren emaitza.
Olatu erraldoietarako taula bereziari «The Silver Arrow of the Seas» jarri zioten izena, alegia, itsasoetako zilarrezko gezia. Moto baten laguntzaz olatu erraldoiak hartzeko taula berezia zen, baina Garrettek Nazareko olatuak dituen berezitasunak ere kontuan hartu zituen taula diseinatzeko orduan; beraz, zehazki Nazaren surf egiteko taula bat egin zutela esan daiteke.
Surflari amerikarra eta berekin elkarlanean aritu ziren ingeniariak oso pozik agertu ziren lortutako emaitzarekin. McNamarak «inoiz ez bezalako abiaduran surf egin ahal izango dugu aurrerantzean», esan zuen oihartzun handia izan zuen prentsaurrekoan, baina ordutik ez da beste albisterik izan.
Orduko hartan aurkeztu zuten taularen diseinua oso futurista zen. Gris metalizatua eta kolore beltza ziren nagusi. Espazioan surf egiteko taula baten itxura zuen.
Orain proiektu berri batekin dator surflari amerikarra. Berriz ere prentsaren aurrean agertu da Portugalgo enpresekin elkarlanean egin duen taula berri bat aurkezteko. Ez du aurrekoarekin izandako esperientzia aipatu, eta ezta taula bitxi hura probatu ahal izan zuen esan ere, baina haren segida moduan aurkeztu du.
Aurreko taula hari MBoard 1.0 izena jarri diote orain, jada ez dute «Itsasoetako zilarrezko gezia» aipatzen, eta taula berriari berriz, MBoard 2.0 izena jarri diote. Kortxoak duen potentzialitatea ere aipatu dute: «Kortxoak onura asko ditu. Bere iraunkortasun eta malgutasunari esker olatu handien inpaktu bortitza jasateko taula egokiak egin daitezke kortxoarekin».
Eta gehiago esan zuen McNamarak: «Portugal munduko kortxo ekoizle handiena den herrialdea izanda, zentzuzkoa da material hau erabiltzea Nazareko kostaldean jasotzen diren olatu legendarioak hartzeko surf taula bat egiteko».
Ehun oineko olatua hartzea da xedea eta olatu handietan ibiltzen diren surflarientzako erreferentziazko surf taula izango dela uste du McNamarak. Proiektuan parte hartu duten hiru enpresetako ordezkarien esanetan, Nazareko olatu erraldoietan aritzeko taularen pisua, malgutasuna eta beharrezko abiadura dira kontuan hartu eta konbinatu dituzten hiru osagaiak.
2011n Nazaren hartutako olatu bati esker Guinness errekorra lortu zuen McNamarak eta ordutik olatu hau birritan surfeatu du. Urautsi honen izena mundura zabaldu zuen irudia izan zen McNamarak olatu erraldoi hura hartu zuenekoa eta azken hiru urteetan behin eta berriz errepikatu dira antzeko irudiak.
Beraz, Portugalen itsaski erraldoi baten zain daude surf taula berezi hau probatu ahal izateko. Proiektu berria aurkezteko egin duten iragarkiko lelo nagusiak oso ondo adierazten duen moduan, «Estamos prontos para nos lançar ao mar».

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
