Josu Jimenez Maia
Idazlea
KOLABORAZIOA

Dietistentzako literatura

Y tiene bemoles que no puedas alegrarte de que al amo no le vayan tan bien las cosas; porque tu destino, esto es, el salario que procura tu subsistencia, depende de él «Legezkoa» dela esanda saiatzen dira zuritzen jokabide makur oro, haiek beraiek zer den legezkoa eta zer ez ebazten dutelarik

Nafarroan hitzetik hortzera dabilen txiste bat: UPNko, PPko eta PSNko politikariei «dietista» deitzen zaie; ez dieta egiten dutelako, dieta ederrak kobratzen dituztelako baizik. Dietista hauen helburua lotsagabeki gizentzea da, paradoxikoki lanbidez dietista direnek saihestea helburu dutena.

F. Scott Fitzgerald idazle iparamerikarraren «Gatsbi Handia» izeneko eleberria irakurtzen ari naiz, Xabier Olarrak aspaldi euskaratua, eta irakurtzen ari naizelarik etengabe datozkit burura oraindik gobernuan dauden politikari ustelen irudiak eta irribarre zuriak. «Gatsbi Handia» amets amerikarrari buruzko nobela bat da, eta eleberri honen paragrafo batzuek ederki islatzen dute hemengo gobernuburuaren gainbehera eta jokaera penagarria:

«Zerbait patetikoa bazen, bere buruarekiko harrotasuna, aspaldiko urtetakoa baino beharrezkoagoa, aski ez balu bezala» Yolanda Bárcenas (sic) politikariaz ari da, dudarik gabe. Izan ere, eleberri onek ez dute gaurkotasunik galtzen, eta honek gaurkotasun handia dauka.

Roaring twenties-en edo urte zoroen zurrunbiloan kokatua dugu eleberri hori, «xurrumurruak, txanpaina eta izarrak lagun», UPN eta PSNren arteko ezkontzaren urte zoriontsuetan «Qué-hay-de-lo-mío, gin-tonic eta Robertico Jiménez lagun»: dirua barra-barra, lagunkeria nagusi eta zilegi ez dena legezko bihurtu.

Orain, hainbeste urtez lapurtu eta gero, oparotasuna ahiturik, sistemak krak egin eta UPNren amets nabarreroak erreka jo du. UPN, PP eta PSNren sinesgarritasunak bereak egin du, eta euren diskurtso sasi-demokratikoaren lelo errepikakorrak gorabehera, errealitate gordinak euren hipokresia itzela, diskurtsoen hutsalkeria eta zurikeria lotsagabea uzten ditu agerian.

UPNri denbora agortzen ari zaio, eta hozkadak emanda hiltzen den txakur amorragarri baten gisara, oraindik entzun behar diegu nola saiatzen diren justifikatzen 750 euro kobratzea entzule gisa hitzaldi bakar batera joateagatik, hori normala balitz bezala langabe kopurua izugarria delarik, bankuek familiak etxeetatik botatzen dituztelarik, elikagai bankuak husten ari direlarik, hezkuntza sistema eta osasun sistema publikoa barnetik birrintzen ari direlarik murrizketarik murrizketa. Eta «legezkoa» dela esanda saiatzen dira zuritzen jokabide makur oro, haiek beraiek zer den legezkoa eta zer ez ebazten dutelarik.

Dietista hauek, antzinako satrapak bezala, lotsagabe hutsak dira; antzinako Persian, gobernadoreburuek, satrapek, euren abusuak, bizioak eta gehiegikeriak lege bihurtzen zituzten; horrela agertzen da jasota historia liburuetan. «Satrapa» hitzak bere bidea egin du, eta egun adiera gutxiesgarrian erabiltzen da, botere handia duten eta larderiaz gobernatzen duten politikariak izendatzeko. «Dietista» hitzak ere, politikari ustel horiei esker, bere bidea egin duen ber gisan.