Dorianen eredua
Biarritzen surf egiten hasi zirenetako askok egun surf egiten jarraitzen dute. Hego Euskal Herrian, ordea, geroago hasi eta lehenago «eskegi» dute taula surflari aitzindariek Maya Angelou poeta amerikarrak oso ondo deskribatu zuen «Dorian ereduaren» garrantzia: «Jendeak zer esan zenuen ahaztuko du, zer egin zenuen ere bai, baina ez dute ahaztuko NOLA egin zenuen»

Zoritxarrez, surflari ororen bizitzan iristen da momentu bat taula eta neoprenoa zintzilikatu eta bestelako jite bat hartzeko. Osasuna izan daiteke arrazoi bat. Adin batetik aurrera gorputzak ez du lehen bezala erantzuten, eta askok kirol eder hau alde batera uztea erabakitzen du.
Euskal Herrian, Biarritzen hasi ziren taulekin olatuak hartzen; hangoak dira lehen surflariak, eta haietako askok oraindik uhin artean jolasean jarraitzen dute.
Hego Euskal Herrian gauzak bestelakoak dira. Jendea askoz ere geroago hasi zen surf egiten eta gehienek lehenago utzi diote olatu gainean ibiltzeari. Arrazoia, betikoa da: surfa ulertzeko modua eta eredu bakartasunaren ideia pobrea.
Kirola lehia baino ez dela uste dute gehienek, GARAko atal hau ikusi besterik ez dago. Agian beste atalen batean hobe leudeke surflari honen «ernekeriak», baina saila «Kirolak» da, eta horren barruan, «Itsasoa». Logikoena alderantziz izatea litzateke, eredua, ohiko eredua ez balitz. Halako kontu txikietan bereiz gintezke euskaldunok, eredu bat, berau gauzatzeko moduan oinarritzen baita (nola). Hezurretaraino barneratua dugun eredua aldatzeko ez gaude prest, ordea.
Hegoaldean, taula txikiekin gure buruaren kontra lehian ari garen artean, Iparraldean, gu baino maila handiagoa duen edozein surflari taula handi eta astunekin gozatzen ikus daiteke, eta, horrela, adinean aurrera eginda ere itsasoratzen jarrai dezakete. Helburua ez baita halako edo bestelako ariketa nola edo hala egitea (eredu espainiarra), itsasoaz gozatu eta kirola egitea baizik.
Marc Occhilupok 38 urterekin munduko titulua eskuratu zuenean, «lehiaketarako surf denbora» luzatu zuen. Jarraian, Kelly Slaterrek bide beretik jarraitu zuen, eta, ondorioz, «Senior» kategoria (40 urte bitartekoa) desagertu eta «Master» kategoria (40 urtetik gorakoa) 50 urtera luzatu zen. Iparraldeko surflariengan gertaera horrek ez zuen eragin handirik izan, modu batera edo bestera surf egiten jarraitzea ahalbideratzen duen eredua baita haiena. Hegoaldean, ordea, eragina sekulako izan zen, eta egun, urautsietan aurki daitezkeen surflarien adinaren batez bestekoa 30 eta 40 urte bitartekoa da.
Pasa den astean, Dorian Paskowitz hil zen, 93 urterekin oraindik surf egiten zuen gizona. Azken elkarrizketa batean aitortu zuenez, jada taula gainean zutik jartzeko gai ez bazen ere, belauniko ere berdin-berdin gozatzen zuen. Kaliforniako ur hotzetan surf egiterik ez bazuen ere, Hawaiira joaten zenean egunero itsasoratzen zen. «Bizia mugimendua da», esaten zuen, «nekez harrapatuko zaitu heriotzak mugitzen ari bazara. Errazago antzemango zaitu ohean lotan zaudela».
Dorian eredu on bat izan daiteke surfa modu batera edo bestera egiten jarraitu nahi dugunontzat, baina horretarako eredu aldaketa bat eman behar da. Maya Angelou poeta amerikarrak bikain deskribatu zuen «Dorian ereduaren» garrantzia: «Jendeak zer esan zenuen ahaztuko du, baita zer egin zenuen ere, baina ez dute ahaztuko NOLA egin zenuen».

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
