Jon LEUNDA
Aizkora Desafioa

Otaño eta Larrañaga apustua jokatzeko gogoz agertu dira

Beizamakoa eta Azpeitikoa azaroaren 29an neurtuko dira Izarraitz pilotalekuan.

Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga euren aurreneko apustua jokatzeko prest eta gogotsu daude. Azaroaren 29an neurtuko dira Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 18.30ean.

Hasiera batean, 30ean eguerdiz eta Azpeitiko zezen-plazan ziren neurtzekoak, baina egun bat aurreratu eta lekuz aldatu dute. Biak gazteak izanik, eta biak muga egiten duten herrietakoak izanik, Otaño Beizamakoa baita, eta Larrañaga, Azpeitikoa, gazte jende asko espero dute. Hilaren 30a San Andres eguna da, Azkoitian jai handia, eta inori kalterik ez egiteko aurreratu dute eguna. Horrek ordea, beste eragozpen bat ekarri die; eguraldi txarra eta hotza egiteko garaia izanik, apustua pilotalekura pasatzea erabaki dute.

«Egia esan, zezen-plazak xarma handia dauka, baina arratsaldea izanik, eta den garaia ikusita, pentsatzen dugu jendearentzat seguruagoa dela pilotalekua», esan zuen Eneko Otañok. Gainerakoan, bere garaian egindako apustua bere horretan mantendu da. Enekok hamar kana-erdiko eta bost 60 ontzako erdibitu beharko ditu, eta Larrañagak hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako. Enbor txikiak Otañok plazaratuko ditu, eta handiak, berriz, Larrañagak, nahiz eta ebaki behar duen seigarren 60 ontzakoa Enekok aukeratuko duen.

Bi aizkolariak gogotsu agertu ziren. Oraingoz dirua nabarmen dago Larrañagaren alde; «horrek ez nau kezkatu behar. Nik nirea egitera joan beharra daukat», esan zuen azpeitiarrak. Eneko Otañok, berriz, hau zioen: «Ni oso ongi nago, eta bera ere bai. Pentsatzen dut ikuskizun polita eman ahal izango dugula, eta jendeari etortzeko esan nahi diogu». Sarrerak 30 euroan egongo dira salgai.