J.L.
sokatira

Ibarra faborito dela jokatuko da lehen finala

Sokatirako denboraldiko lehen txapelak banatuko dira gaur Nabarnizko probalekuan, hantxe jokatuko baita Lauko Txapelketako 320ko finala. Ibarra A, Ibarra B, Murueta A, Murueta B, Ñapurrak eta Baigorri arituko dira aurrez aurre, horiek lortu baitute aurreko bi jardunaldietan azken saioan egoteko txartela.

Ibarra da txapela lortzeko talde faboritoa. Bi talderekin jardungo da finalean, eta biak ere oso indartsuak dira. A taldea bere multzoan nabarmen aritu da besteen gainetik, eta bigarrenak, berriz, beste multzoan borroka handia izan du Baigorrirekin, azken hau izan baita lehen faseko ezusterik handiena.

Aurreneko aldiz arituko da Euskal Herriko final batean Nafarroa Behereko talde bat eta hori oso berri pozgarria da. Taldeak bi jardunaldietan oso maila ona eman du, eta bide beretik jarraitu nahi du finalean ere.

Muruetak ere bi talde izango ditu azkeneko ekinaldi horretan. Lehen fasean ikusitakoaren arabera, ordea, ez dirudi txapela irabazteko faboritoen zerrendan dagoenik, nahiz eta saio batera edozer gerta daitekeen. Nesken 260koan, Badaiotz, Bizindar, Gaztedi A eta B eta Ibarra lehiatuko dira. Bigarren jardunaldia izango da.

Giza-proba

Nabarnizen bertan jokatuko da gaur eta bihar Euskal Herriko bakarkako giza-probako finala. Gaur, 21.00etan, Urko Real, Jose Anjel Ikaza eta Aitor de la Concepcion arituko dira. Aurrenekoa bakarrik izango da 85 kilo baino gutxiago pisatzen dituen kirolaria. Bihar, 17.00etan, Mikel Altzola, Iñigo Aurrekoetxe (biak 85 kilo baino gutxiago pisatzen dutenak), Oskar Perez eta Gorka de la Concepcion. Kirolari bakoitzak 750 kiloko harria erabili beharko du. Mikel Altzola da bi txapelak irabazteko faboritoa.