2015ean ere izango da APB bodyboard itzulia
Datorren urtean ere munduko bodyboard itzulia izango dela iragarri du APBk.

APB (Association of Professional Bodyboarding) erakundeak 2015ean ere munduko bodyboard itzulia izango duela baieztatu du; beraz, kirol honen zaleak lasai egon daitezke; izan ere, iaz bezala, aurten ere beldur hori zuten zaleek; alegia, goi mailako zirkuitu txukun bat ez izatea.
Urtebeteko ibilbidea egin ostean APB erakundeak bizirik dagoela erakutsi du eta datorren urtean ere munduko urautsi ederrenetan lehiakide onenak biltzeko asmotan da elkartea. «2015ko APB zirkuitua zirraragarria izango da», esan du Alex Leon APBko gerenteak, eta berrikuntzak iragarri ditu. «Txapelketa berriak izango dira, antzinako txapelketa batzuk berreskuratuko dira, eta gazteentzako Pro Junior kategoria sortuko da».
Aurten zenbait txapelketa egin dituzte gazteen kategorian proba moduan eta emaitza onak izan dira. Horregatik jarraitu nahi dute bide horretan sakontzen. Leonen esanetan, «kontzeptu honek ongi funtzionatzen du eta kirol honen etorkizunerako garrantzi handikoa da, gaztetxoenek lehiaketan parte hartzeko plataforma egokia osatzen baitu».
IBA World Tour zirkuitua albo batean geratzen da aurten ere, eta dagoeneko gehiago itzuliko ez den formatua dela esan daiteke. Hala ere, munduko zirkuituak «betiko» osagai batzuk izan behar ditu; zenbait urautsi edo txapelketa mitikoak dira kirol honen historian eta kontuan hartzekoak dira.
Pasa den urtean Amaury Lavernhe, Reunion Irletako lehiakidea izan da munduko txapelduna. Guztira bost txapelketa egin dira aurten, Pipeline, Itacoatiara, Arica, Antofagasta eta Sintra izan dira txapelketak egiteko hautatutako urautsiak eta, datorren urteari begira, posible da APBko arduradunek urautsi berriak kontuan hartu eta txapelketa berriak proposatzea.
Beraz, APB zirkuituak geldialdi gehiago izan ditzake datorren urtean. Hala ere, hau guztia txapelketen egutegia zehaztuta dutenean ezagutaraziko dute munduko bodyboard itzuliko antolatzaileek. Datorren urtea ere interesgarria izan daiteke.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
