«Alpinismoak izateko eta pentsatzeko era aldatzen dizu»
Alpeetako hiru ipar horma poltsikoratu ditu udazken honetan. Horrela esanda, badirudi eskarmentu handiko alpinista baten aurrean gaudela. Baina jarduera horiek sinatu berri dituenak 21 urte besterik ez ditu. Iker Madoz da, alpinista iruindarra. Eta dagoeneko, Euskal Herriko alpinisten kolektiboan muturra sartu du; gogor sartu ere. GARA alpinista gaztearekin izan da.
Lerrook idazten dituenak gogo handia zuen Iker Madoz elkarrizketatzeko. Hori ez dut ezkutatzen. Euskal Herrian alpinismoaren egoera ikusirik, 21 urteko gazte bat jo eta su jarduten ikusteak, bada, poza ematen du. Iruindarraren lehen elkarrizketa da; eta, gaztea izanik ere, emandako erantzunetan sendotasun puntu bat antzeman diogu. Eta horrek ere poztu egin gaitu.
Agian ez da oso zuzena izango, baina Iker Madoz ezagutzeko amaiera aldetik hasiko gara. Izan ere, 21 urteko alpinista iruindarrak udazken honetan trilogia ederra sinatu du Alpeetan: «MacIntyre-Colton» Grandes Jorassesetan, «Too late to say I´m sorry» Aiguille Verten eta orain dela gutxi orriotan jorratutako «Schmid» Matterhornen. Hirurak ala hirurak mendi horietako ipar aurpegietan. Iker, oro har, nola baloratzen dituzu sinatutako hiru aktibitate horiek?
Niretzako oso aktibitate onak izan dira, arinak eta oso konpainia onean. Hirurak baldintza ezin hobetan aurkitu genituen, baina, hala ere, igo beharra zegoen. Lehen aldiz izan naiz Chamonixen eskalatzen, eta ilusio handiarekin jardun dut.
Hiru bide horientzat izenburu bana eskatu nahi dizut. Hau da, lerro pare batean, bide bakoitzean bizitako esperientziaren titularra.
«MacIntyre-Colton» lehena izan zen. Niretzako hango guztia, generaman estrategia... berria zen. Hunkitu egiten ninduen, eskalatzerakoan gozamen bikoitza sorraraziz.
«Too late to say I'm sorry» bigarren platera izaten hasi zen, eta sekulako plater sendoa izaten bukatu zuen. Bistazko eskalada izan zen: «Oso itxura ona dauka horrek, goazen bada!».
«Schmid» bidea, ezusteko deialdi baten saria, denetan zirraragarriena; hasieran hunkitzen gintuena, gero emozio paregabeak bizitzeko aukera eman zigun.
Azkena, Cervinokoa izan da. Jakin badakizu marra hori Schmid anaiek igo zutela 1931. urtean. Eta, gainera, hara iristeko Munichetik bizikletan egin zutela. Oraindik oso gaztea zara, baina Alpeetako bide horiek aukeratzerakoan, zeri eman diozu garrantzia: bidearen zailtasunari, aldez aurretik bide horien baldintzen inguruan jaso duzun informazioari, historiari...?
Pixka bat denetarik dago. «MacIntyre-Colton», historiagatik, Jorassetako biderik ospetsuena da. Momentua zelako ere, entzundako istorio guztiak errealitate bihurtzeko eguna iritsi zelako. «Too late to say I'm sorry» egiten ustekabez bukatu genuen, informaziorik gabe, goiko marra estetikoaz maitemindurik. Kontziente naiz delitu pixka bat daukagula, baina alpinismoa hauxe da. Eta «Schmid»-era baldintzen egoerak bultzatu gintuen. Ordubete izan nuen eguraldia eta bidearen informazioa bilatzeko. Ondoren, materiala hartu eta ospa egin nuen. Orokorrean esan liteke denbora gehiegiko planifikaziorik ez zela egon.
Hiru aktibitate horietatik, zein da gehien bete edo gustatu zaizuna?
«Schmid» bidea Matterhornen. Bidearen baldintzak eta eguraldia apartekoa izan zirelako, eskalada egunez egiteagatik, arin joateagatik, mendi horretara igotzeagatik eta, batez ere, Keparekin joateagatik.
Orain, bai, Iker Madoz gehiago ezagutzen hasiko gara. Zein dira zure hasierak, bai mendian bai eskaladan?
Lehen hastapenak aitaren eskutik egin nituen. Zorte handia izan dut, asko dakien pertsona delako eta, batez ere, nire aita delako. Berarekin hasi nintzen kirol eskaladan lehenengo «txorizoak» egiten; 14ak bete arte, eskaladaz maitemintzen hasi nintzen. Segituan aita ni mendira eramaten hasi zen, materialarekin «trasteatzera» eta gauza errazak egitera. 2010. urteko neguan mendiko eskiarekin sufritzen hasi nintzen eta udan Naranjo eta Ordesa elkarrekin bisitatu genituen. Beti gogoratuko ditudan irteerak dira.
Eta izotzetan zein neguko eskaladan ere berarekin, hamaseirekin-edo hasiko nintzen. Hasieran beldur handiz eta, gero, gutxika praktika hartuz eta poz-pozik.
Eskaladari dagokionez, Etxauri izan da zure «eskola». Zer esan dezakezu Etxauriri buruz?
Han ikasi nuen bai, tokiaz eta hango jendeaz. Beti gustuko izan dudan eskola da, ikasteko eta graduko bideak egiteko sekulako tokia daukagu Iruñea parean. Ondo eskalatzera derrigortzen zaituen eskalada eskola da. Aitortu behar dut faltan hartzen dudala, eta oraingo debekuek sutan jartzen nautela.
Egungo gazte gehienek kirol eskaladari heldu diote. Zu, aldiz, oso goiz jarduera alpinoak egiten hasi zinen? Zer dela eta?
Bada, bai. Egia esan, eskalatzen hasi eta bi urtera paretetan mugitzen hasi nintzen. Alde batetik pareta luzeek deitzen nindutelako, eta bestetik aitarekin joateko aukera nuelako.
Kirol eskalada ere praktikatzen duzu. Indartsu jartzeko jarduten duzu?
Bai, alde batetik, indartsu jarri, paretetan ondo pasatzeko eta gustuko dudalako. Ez nau paretak igotzea bezainbeste betetzen. Desberdina da, beste sari mota batzuk ematen dizkizu.
Ipar hormak, izotz-eskalada, hormatzar alpinoak.... denetarik egiten duzu. Zer da espezialitate bakoitzetik gehien erakartzen zaituena?
Denak zaku berean sartzen ditut. Onartu beharreko konpromisoa, buru aldartea, esfortzua, pasatutako momentu latzak, lagunekin partekatutako istorioak, paisaiak, bide «gogorrak» egiteko aukera izatea, arin eta azkar moldatu ahal izatea... horrek guztiak asko betetzen nau.
Eta non ibiltzen zara erosoago?
Pareta alpinoetan da erosoen ibiltzen naizen tokia. Normala den bezala, gehien egin dudana delako. Besteetan oraindik esperientzia pila geratzen zait, baino, bueno, gutxika banoa aurrera.
Montrebei, Ordesa, Peña Montañesa, Montserrat... Pirinioetako pareta alpino horietan eskalatzen gustura baino gusturago ikusten zaitugu. Zer da zuretzat «katxarreatzen» ibiltzea? Zer bilatzen duzu?
Bada, bi friend sortarekin eta fisurero batzuekin ibiltzea da: hauekin jolastea, hemendik eta handik igotzen saiatzea, ahalik eta txapa gutxienarekin. Horrela joanda egia da momentu latzak bizi ditzakezula; adibidez, azkeneko segurua urrun dagonean. Baino halako momentuetan izaten da benetan ondo eskalatu behar duzuna, benetan sentsazioz gainezka zauden uneak dira. Gero, bukatzerakoan, pozik gogoratzen dituzu.
Gavarnie, Kandersteg... Izotz-eskaladak zer eskaintzen dizu?
Sentsazio pila, poztasuna, gozamena, une politak bizitzea. Azkenean, izotz bideak apartekoak iruditzen zaizkit, kanpoko itxura eta estetika zirraragarriekin.
Aurreko bi modalitateek aukera ederra ematen dizute ondoren hemengo zein kanpoko ipar hormatan eskalatzeko. Pirinioetatik kanpo, Alpeetan eta Andeetan ibili zara. Hiru mendilerro horietatik, non ibili zara gusturen? Eta zein dira zuretzat egin dituzun eskalada interesgarrienak?
Hiruretatik gehien maite ditudanak Pirinioak dira. Batez ere, hemen jaio eta ikasi dudalako eta, nahiz eta Alpeak ez izan, oso potentzial handia gordetzen dutelako. Egia esan, Alpeetan egindako azken hiru bideak oso interesgarriak izan dira, Peruko Chacrarrajuko bidearekin batera; baina Pirinioak, arrokan ibiltzeko, paregabeak dira.
Ibilbide oparo zein ederra egiten ari zara alpinismoan, batez ere ikusita oso gaztea zarela. Zer da orain arte alpinismoak eman dizuna?
Momentu onak eta latzak eman dizkit, «bizitakoaz» ikasiz. Irteera bakoitzean ideia berriak ikasteko aukera daukazu, gero egunerokoa beste modu batez ikusteko. Izateko eta pentsatzeko era ere aldatzen dizu.
Gaztea izanik, alpinista helduagoekin ateratzen zara. Ze ikasten ari zara zure sokakideengandik?
Esperientzia pila lortu dut orain arte, bakoitzetik gustuko dituzun aspektuak hartzen dituzu, gero zure mugitzeko eran ezartzeko. Eta, bestalde, pertsona hobea izaten; bere etika, estilo eta pentsamenduekin bat eginez.
Alpinista bezala, ze ezaugarri dituzu? Esan didate, lasaia zarela, dena ondo kontrolatzea gustatzen zaizula...
Bada, bai, lasai ibiltzen naiz, ez naiz edozergatik larritzen eta pentsatuz jokatzen dut. Nahiko adi nago normalean, ingurukoaz ohartuz eta beti informazio berria xurgatuz. Hasitakoa bukatzea gustuko dut, eta zentzuduna izaten saiatzen naiz; mundu honetan ibiltzeko hala ibili beharra dagoela uste dudalako. Eta, batez ere, egiten dudanaz disfrutatzen dut, une bakoitza aprobetxatuz.
Eskarmentua oso garrantzitsua da alpinista on bat izateko. Alpinismoan gero eta esperientzia gehiago hartzeko, ze asmo duzu?
Orain daukadan motibazioaz baliatu, eskalatzen segitzeko eta ahal dudan guztia xurgatu. Eskalatzea gustuko dut, eta kitto. Bidaiak eta baldintzak bat-batean sortzen dira bilatzen badituzu, soilik adi egon beharra dago momentuan egon beharreko tokian egoteko.
Adibidez: irteerak egiteaz gain, inguruan alpinista esperimentatuak izateaz gain... Pentsatu al duzu FEDMEren Alpinismo Taldean sartzea? Kontuan izanda, Mikel Zabalza buru dela?
Bai, buruan daukat. Azken deialdiko ordezko papera bete dut, eta Mikelek askotan deitu izan dit bata edo bestea falta zelako. Eta orain sartzen saiatzeko unea iritsi da. Hurrengo urtean hasiko da ikasturte berria, eta han egoteko asmoa daukat. Helburua: orain arte ikasitakoa indarrean jarri.
Zure sokakide batek esaten du alpinismoan muturra gogor sartu duzula, eta Euskal Herriko alpinista aurreratuenak erretiratuko dituzula. Badirudi zure «beldur» direla. Zer esango zenieke?
[Barrez] Bada, denontzako tokia dagoela, eta zerbaiti beldur izatekotan, hori mugikorrarengatik eta harekin egiten ditudan deiengatik izango dela. Horrela jarraituta, betiko txaplata izaten jarraituko dut eta ez ditut bakean utziko.
Zer edo zer gehiago gehitu nahi baduzu. Zure esku.
Soilik argi utzi nahi dut nire familia (batez ere aita) eta lagunik gabe ezin izango nintzela sartutako saltsetan ibili. Hau dena beraiei zor diet, hasieran jasan nindutenei eta pazientzia eduki zutenei. Bueno, eta oraingo guztiei ere, mila esker.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
