Hasi da Triple Crown 2014: Lehen proba Dusty Paine surflari hawaiiarrak irabazi du Haleiwan
Triple Crown itzuli ospetsua osatzen duten hiru probetatik lehena amaitu da Haleiwan eta irabazlea Dusty Paine hawaiiarra izan da. Bestalde, Travis Logie surflari hegoafrikarrak goi mailako lehiaketa utziko duela iragarri du eta azken txapelketa Pipelinen egingo du.

Triple Crown itzulia osatzen duten hiru txapelketetatik lehena amaitu da eta bigarrena gaur bertan hastekoa da. Txapelketa eta itsaski sendoen sasoia da, beraz, Hawaiin. Ikuskizuna ziurtatua dago Oahu iparraldeko urautsietan.
Triple Crown itzuliko lehen txapelketa Dusty Paine hawaiiarrak irabazi du. Garaipen honi esker 73 postu gora egin du ASPko ranking orokorrean 26 urteko surflariak. Horrela, lehen 97. postuan zegoen eta egun 24. postuan dago; beraz, pozarren zen Paine.
PRIME kategoriakoa zen Haleiwako txapelketa; alegia WQS kategorian izan daitekeen maila gorenena. Azken egunean bi metroko olatu bihurriak izan ziren. Haizeak zeharka jotzen zuen eta horrek olatuaren irakurketa zailtzen zuen ez baitziren olatu guztiak berdin altxatzen eta bista handiz jokatu behar zen.
Finalean, Julian Wilson eta Adam Melling australiarrak, Jeremy Flores frantsesa eta Dusty Paine hawaiiarra izan ziren. 35 minutuko txandaren lehen zatian Julian Wilson nagusitu zen. Airekoak, ariketa bertikalak eta bira borobilak bikain trukatu zituen australiarrak. Azken bi minutuetan sekulako puntuazioa lortu zuen, ordea, Justy Painek, eta horrela, ia ustekabean, lortu zuen garaipena.
Bertakoa izaki, garaipen honek beretzat zer garrantzia zuen adierazi zuen Painek: «Andy Irons hemen irabazten ikusi nuenetik beti izan da ametsa niretzat Haleiwan irabaztea. Lau egunetan olatu bikainak izan ditugu. Zer gehiago esan dezaket? Nik ondo pasa eta surf egin nahi dut soilik. Hau munduko lanbide hoberena da».
Bigarren postuan Julian Wilson geratu zen; hirugarren postua Jeremy Floresentzat izan zen; eta laugarrena, berriz, Adam Mellingentzat. Hiru lehiakide hauek egun WCT mailan daude eta datorren urtean ere 32 lehiakide onenekin lehian aritzeko borrokan ari da. WCT-ko rankingean ez dituzte postu oso onak; beraz, WQS rankingean postu on bat lortzen badute bakarrik lor dezakete datorren urtean ere lehenengo mailan egotea.
Wilson, esaterako, 21. postuan dago WCT rankingean, baina azken emaitza honi esker egun WQS ranking orokorrean 5. postuan dago; hortaz, ia ziurtatu du datorren urterako postua WCT zirkuituan.
Jeremy Floresi ere ezin hobeto etorri zaio Haleiwako txapelketan finalera iristea. Reunion irletako surflari honek zinez behar zuen postu on bat; izan ere, WCT rankingean 33. postuan dago egun; alegia, datorren urtean hor jarraitzeko esperantzarik gabe, baina WQS ranking orokorrean hamaika postu igo da eta orain zortzigarren postuan dago. Horrek, datorren urtean Top 32-an egoteko aukera ematen dio.
Adam Melling ere ez dago postu onean WCT zirkuituan, 25. postuan baitago. WQS rakingean, ordea, seigarren dago; beraz, datorren urtean Top 32an egoteko aukera ia ziurra da.
Aritz Aranburu ere ataka berean dago, baina zoritxarrez ez zuen emaitza ona lortu Haleiwan, ez baitzuen hirugarren txandatik harago joatea lortu. Horrela, WCT rankingean 26 postuan dago zarauztarra, eta WQS rankingean, berriz, 55. postuan. Gero eta zailagoa du Aritzek datorren urtean ere Top 32an egotea, baina oraindik emaitza on bat lortzeko beste bi aukera ditu, bata Sunseten eta bestea pipelinen.
Vans Triple Crown itzuliko bigarren geldialdia Sunseteko eskuin olatu mitikoan izaten da. Gaurtik hasi eta abenduaren 6ra bitartean izan daitekeen itsaski hoberenaz baliatuko dira antolatzaileak ahalik eta ikuskizun onena bermatu ahal izateko. Gainera, lehiakideek duten onena eskainiko dute, txapelketen sasoia amaitzear dela ahalik eta postu onenean amaitu nahi izaten baitute surflariek.
Travis Logie surflari hegoafrikarrak surf profesionala uzteko asmoa duela iragarri du. 35 urteko lehiakide honek parte hartuko duen azken lehiaketa WCT zirkuituko Pipeline Masters famatua izango da.
ASP tourrean hamar urtez lehian ibili ostean, bere «txikota zintzilikatzeko ordua» iritsi dela iritzi dio Logiek. Bere esanetan, «aldaketak egiteko garaia iritsi da» eta lehiaketarako lehen zuen «txispa» ere galdu duela adierazi du.
Aurten lesio bat izan zuen Tahitin Logiek, eta momentu hartan abisu moduko bat zela pentsatu zuen. Orduan hasi zen lehiaketa uzteko ordua iritsi zitzaiola pentsatzen. «Izan daitekeen bizibide onena» dela aitortu du Logiek: «Maite duzuna egiteagatik ordaintzen dizute. Nik ez nekien zein lanbide ederra zen benetan hor egon nintzen arte. Horregatik minutu bakoitza baloratzen dut».
Hasiera batean, epe motzean behintzat, denbora tarte bat hartu nahi du Logiek bere familiarekin bidaia bat egin ahal izateko. Horren ostean, ez du surf lehiaketetan parte hartzea alboratzen, baina ez du luzera begirako plan zehatzik. Edonola ere, berak aitortzen duenez, ez du inoiz ahantziko munduko ASP zirkuituan eman duen denbora zoragarria.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
