Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

«Innobatu» aurreko galdera

Innobazioa». Modako hitza, hiztegi innobatuko beste batzuen sorleku. Modernitatearen giltzarria, edo. Giltza bada, ateak diren seinale. Harria bada, baten batzuk ahoa zabal-zabala utzi arteko harridura sortzeko asmatua den seinale. Total, innobatu ala hil, modernoen esanetan. Baina hil kontuan ez dago asko innobatu beharrik, are gutxiago hilkutxetan, gorpua erre eta puntu! Zaborrekin, ostera, bada innobatu beharra, erretzera heldu gabe ere, jakina! Baina beste kontuetan itsu-itsuan innobatzaile agertzen zaizkigun horiek betiko bidea baino ez dute ikusten zaborren kudeaketa kontuan, eta erre ke erre saiatzen ari dira errauste planten alde, temati. Betiko hor konpon! Hor konpost! Bilakatuko balute sikiera! Amen. Are gehiago, kudeaketa bera ere innobatu beharko lukete innobazioaren etengabeko apologian diharduten horiek, pentsatu barik kudeaketa modu bakarra dagoela eta hara! Hori eurena dela! Jaio orduan besapean zekarren hura bera! Hortik hatsa, agian. Portzierto, jainkoa eta lege zaharrak zer horretan, ez ukatu niri innobatu beharrik ez denik! Jesus, Jose eta Maria baietz, demonio!

Eta zer esan politika esaten ohi den gizartearen esparru horretan. Hara! Katalunia ispilu, berriro ere, ganorazko innobazio kontuetan ere bai. Ohitura bihur daitezkeen bideak ibiltzen hasiak dira horko han. Mezuak legebiltzar barruan ez ezik kanpoan ere hasiak dira botatzen, plaza antzekoetan, milaka pertsonaren aurreko hitzalditan, eta legebiltzarreko pulpitutik baino denbora dezente gehiago emanda hitzen bidezko bideari. Eta batek esandakoari besteak hitzaldika ere erantzun, ideia trukea festa giroan, hori bai da innobatzea, demontre! Hola sikiera gardenago egiten da politika zer hori, zabalagoa izan ere. Horko han zerrendetan ere innobatu nahi. Politikarako jaioak izan omen direnekin batera, ez dakit nahastuak baina, gizarte zibilaren pertsonak; ezelango kabida ez dutenak gizarte militarrekoak dira, prefosta!

Innobazio kontuan bada ganorazko galdera sinple bati halako erantzuna eman beharra, innobatzen hasi aurretik: zertarako innobatu? Innobatzeagatik ote? Tristea gero! Nafarroan ETB ikustea innobazioa da, Euskadin zuloak zabaltzea ez, nahiz eta gero horiek estaltzen innobatu nahi. Asko dugu berritzeko, innobatu barik ere.