Orion eta Mendaron marka saiakerak egingo ditu Idoia Etxeberriak
Asteburu betea izango du Idoia Etxeberriak, Orion eta Mendaron marka saiakerak egingo baititu harri-jasotzaile oriotarrak. Aurrenekoa gaur egingo du bere herrian, eta bigarrena, berriz, bihar egingo du.
Gaur, 20.00etan, Orioko plazan arituko da Etxeberria, eta han hiru minutu izango ditu 112,5 kiloko harri kubikoari ahalik eta jasoaldirik gehien emateko. Bihar, berriz, 18.30etik aurrera izango da Mendaroko Goiñati pilotalekuan, eta han bost minutuko bi txanda izango ditu, 100 kiloko zilindro kopari ahalik eta jasoaldirik gehien emateko.
Oriotarrak bere azkeneko marka saiakera pasa den urriaren 12an egin zuen, Donostiako Martutene auzoan, eta helburua lortu ere egin zuen, 100 kiloko harri kubikoa bost minutuko txanda batean zortzi aldiz jasota, aurretik berak zuen marka erraz hautsiz. Pasa den abuztuan, berriz, Euskal Herriko txapela ere jantzi zuen, eta une honetan emakumezkoen mailan jaun eta jabe da.
2009ko irailean egin zuen lehen marka saiakera, eta ordutik beti gora egin duen harri-jasotzailea da, nahiz eta tartean arazo fisiko batzuk ere izan dituen.
Etxeberriak hasi bezain azkar utzi zituen aditu guztiak txundituta, eta garai hartan maila ikaragarrizko hiru neska batu ziren, berarekin batera ari baitziren Marijose Sardon eta Miren Urkiola. Hirurak ere oso harri-jasotzaile onak, eta marka ugari egin zituzten. Azken bi hauek, ordea, orain ez dabiltza, eta oriotarra bakarrik geratu zen. Halere, aurten Euskal Herriko Txapelketa jokatu da, neska berriak agertu direlako, eta berri ona da hori, nahiz eta Urkiola eta Sardonek ez parte hartu.
Datozen bi egunetan, behintzat, emakumeek hartuko dute harri-jasotze munduan protagonismo eta arreta osoa, eta Idoia Etxeberria saiatuko da bai gaur iluntzean eta bai bihar arratsaldean ere helburuak behar bezala betetzen.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
