Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Politikaren tarte hila

Burujabetza bidean ari direnak burujabe ari dira, hor edo han ari ere, Eskoziatik Kataluniara Groenlandiatik edo Balutxistandik pasatuta, atlaseko orri gehiago zabaltzearren. Hori bai, bakoitzak bere bide-orrian, bere neurrian eta, jakina, bere eguzki-erlojuko orratzekin! Orratzek puntu egiteko baino gehiagorako ere balio duten seinale, eta puntu! Kataluniako prozesua dugu espazioan eta denboran gertuen, are gehiago zezen beraren larru azpian garenez, haiek eta gu izan ere. Kiratsa gero! Utikan handik! Gertuen eta erreferentziazkoen ere bai. Hortxe ari dira, kanpotiko ezina barrutiko ekinez egina, hitzaldika bada ere, zerrenden izaera dela, batasuna ulertzeko moduak direla, uztarriari kide-pare berriak emanez, bidea noratuz... ari eta ari biribilketa alaian. Eta bitartean, atlasi begira Eskozia eta Kataluniaren artean esate aldera, euskal herritarrok politikoki ezinean, inkestetatik honantzago ari naiz, ez kalalandu eta ez eskoziartu; errotondan biraka politikaren indar zentrifugoak kanporantz noiz bultzatuko zain edo. Bai, Elhuyarreko aldizkarian irakurria dut nik ere fisikoki indar zentripetoa dela erreala, eta zentrifugoa ez dela existitzen, horrexegatik esan dut politikaren indar zentrifugoa, politikak ez duelako zertan fisikaren bidetik joan.

Total, burujabetza pil-pilean, Katalunian. Hemen pil-pilean dagoena beste gauza da. Ez, ez nago bakailaoaz, demontre! Tortillaz nago, hiriburu horretako patata-tortillaz, demonio! A ze kapazitate dugun euskaldunok gastronomia ipintzeko politikaren ardatz! Kapazitate esatean gaitasuna esan gura dut, ahalmena beste gauza bat delako, momentuz hemen ez daukaguna; ez eta edukiko ere, seguruenik, politikan gastronomia lehenesten dugun bitartean! Eta ezin ahaztuan nago burujabetza ahalmena dela, bai, baina gaitasunaz batera; hortaz, bietan jarrai! Dietan jarrai baino hobeto. Tortilla zer horren kontua, politikan oraindik sukalde gutxi den adierazlea izan daiteke. Bertoko produktu gehiago behar dira bertoko sukaldeetan, prozesua bera olioztatzeko behar denaz gain, genero gabeko arrautzak ere, zuringoa eta gorringoa uztarrian... azken batean plazan bota bezala: sutan jartzean probatzen baita nolakoa den eltzea! Baina maiuskulazko politikan tortilla tarte hila da, edo kasik.