Maindire urdindun mamu hawaiiarra
Taularen ertzak ez dio behar bezala erantzun eta itzulipurdika erori da, baina ez da hor zauritu, amesgaiztoa bi olatu beranduago hasi da, olatutzar bat Parkoren gainean lehertu denean Brasildarren eta anglosaxoien arteko kalapita txinparta batean da, munduko titulua jokoan baita, baina Pipelinen protagonista, Pipeline bera da, historia egiten jarraitzen duen oihal urdineko mamua
Joel Parkinson, Parko, surflari australiarrak erorketa arriskutsu bat ukan du Pipelinen, eta ondorioz, Sunseteko txapelketa alde batera utzi behar izan du. Urteko txapelketa garrantzitsuenak edo entzutetsuenak egiten dira sasoi honetan Hawaiin, Oahu irlako iparraldean. Abenduan sekulako itsaskiak izaten dira eta lehiaketaz kanpo ere itzelezko ikuskizuna izaten da North Shore-ko urautsietan.
Sunseteko eskuin olatu mitikoan lehian ziren pasa den astean mundu guztitik gerturatutako lehiakideak, baita lehen mailakoak ere (WCT), baina azken hauek, batez ere, urteko azken lehiaketari begira daude, Pipelinen egiten den txapelketa dute buruan, eta ahal dutenean han itsasoratzen dira olatu beldurgarria apur bat hobeto ezagutu eta entrenatzeko asmoz.
Parko ere Sunseten zen lehian, baina handik kanpo surf egiteko denbora zuela-eta Pipelinen itsasoratu zen. Pipeline ezker olatua da, baina badu atzeko ate bat, «Backdoor» deitzen dutena, eskuin olatu indartsu eta zaila.
Lau metroko olatu bat altxatu da, indar guztiz arraun egin eta olatuaren magalean behera joan da Parko, bere erraietan hartuko duen tubo luze eta zabal batean murgiltzeko, baina taularen ertzak ez dio behar bezala erantzun eta itzulipurdika erori da. Ez da olatu horretan zauritu, ordea, amesgaiztoa bi olatu beranduago hasi da, parean lehertutako olatutzarrek sortutako ur masek azpian atzeman dutenean.
Oin azpian koralezko uharria du, ura gerriraino, eta parean gain-gainean lehertuko zaion bi metroko olatu borobil bat duela, Parkok ez dauka aukera handirik. «Parean nuena ikusita banekien ez zela batere gozoa izango», kontatzen du australiarrak. «Urperatu nintzen eta berealdiko kolpea eman zidan olatuak. Hondoa jo nuen belaunekin eta bizkarrarekin, eta horrela, bigarren olatua etorri zen. Bueltaka nenbilen ur azpian, eta guztia oso ilun ikusi nuen segundo batean, David Wasselek atera ninduen arte, baina hori ez dut ongi gogoratzen».
Orain hilabete batzuk ere esan nahi ez zuen leku batean, kontatu nahi ez zuen ezbehar bat izan zuen Parkok, eta bere senideak ez arduratzearren izandako sustoa ezkutatzen saiatu zen. Izan ere, horixe du ezagun izateak, jendearen ahotan zaudela, onerako eta txarrerako. Onenak dira, bai, eta ezinezkoak diren olatuak menderatzen dituzte. Egoera zailenetan ere airoso jarduteko talentua dute, baina gizakiak dira.
Gaur hasten da Pipelineko txapelketa. Lehiakideen bisaiak zuritu eta giharrak tenkatzen dituen urautsian aritzeko prest dira lehiakideak. Parko oraindik bere zauriak miazkatzen ari da, baina parte hartuko duela iragarri du. Brasildarren eta anglosaxoien arteko kalapita txinparta batean da, munduko titulua jokoan baita, baina Pipelinen protagonista, Pipeline bera da, historia egiten jarraitzen duen oihal urdineko mamua.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
