Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Belena muntatzeko garaia

Bai, badakit urtero datozela, baina hala ere jasangaitza egiten zaizkit. Onartu egiten dut, denetariko botikak hartu ditut, supositorioak barne, sendabelarrak ere, inguruko spa guztietako urak eta lohi transgenikoak hartu ditut, ebakuntza batean buruko txipa aldatu zidaten... Akupuntura egitera ere heldu nintzen, merkatuan ziren era guztietako orratzak, erlojukoak barne, erabilita, baina ezinean! Orratzok ez zidaten puntua aurkitu! Bai, saiatuta ere jasangaitza egiten zaizkit... Gabonak! Jaungoikoa banintz, ez naiz, jakina!, lege zaharrak aldatu eta hamaika hileko urteak izango ziren aurreranzkoak, egutegitik abendua kenduta; zalantza sortzen dit, ostera, bizkaierazko gabonilak, «gabon hila» balitz gustura mantenduko bainuke egutegian, Jaungoikoa banintz! Baina ez naiz, eta, beraz, izorra hadi Julen! Aurten ere agoantatu beharko dituk! Ama, ama!, zer astiro pasatzen den denbora... Gabonetan! Akaso ez dago beste modurik urte berri bat hasteko aurrekoa bedeinkazioz amaitu beharra baino?

Gainera, hori gutxi izan ez eta urteak dira Gabonak azaroan abiatzen direla! Laster Aste Santuaren jarraipena izan litezke. Amen. Azaroan hasten dira kale nagusietako zuhaitzen adarrak bonbillak ernatzen, txorien ernegaziorako. Gizajoak! Horietariko zenbat elektrokutatuko dira aurten ere bidezko epaiketarik izan gabe! Pazientzia gero txoriona! Eta adarrona! Total, hiri erdiko etorbide eta joanbide nagusiak aldizka, dir-dir... keinuka ilargiari, edo. Marten martetarrik balego Lurrean aurora borealak direla pentsatuko luke. Portzierto, zelan azaldu balizko martetar bati Gabonena? Espero dut han bizitza inteligenterik balego holakorik ez izatea. Tira, harira, kale nagusien argira! Kuriosoa egiten zait, urtean zehar neonek argitzen dituen kale nagusiak oraindik gehiago argitu behar izatea azarotiko Gabonetan, alfonbra askoren behekoak urte osoan ilunpean dirauen bitartean. Ia esan liteke Gabonak elizaren erlijioarekin baino gehiago elektriken erlijioarekin daudela lotuta. Amen.

Ernegatu egiten naute, elektrikez ari naiz orain. Ez dakit zer egin oraingo Gabonetan. Beharbada belen bat muntatzera joango naiz... Krisiaren ondorioei, eta batez ere kausei, erreparatuta belen asko muntatu beharra dago, eta ez Gabonetan bakarrik. Hori bai, Kristoz eta guzti! Eta behiak, eta erreka garbia, ze kristo!