Gazteak ari dira beteranoak uzten ari diren lekua hartzen
Ducassou II.a, Larralde, Ezkurra II.a eta Bilbao arituko dira datorren astelehenetik abenduaren 28a bitartean Donibane Garaziko Garat trinketean jokatuko den buruz buruko Superprestigioko azken fasean.

Gazteak ari dira beteranoen lekua hartzen. Superprestigioan Ezkurra bakarrik geratu da, gainerako hirurak gazteak baitira. Bilbao, Larralde eta Ducassou II.a izango dira Urruñakoarekin batera astelehenetik abenduaren 28ra arte jokatuko den azken fasean arituko direnak.
Azaroaren amaieratik jokatu dira kanporaketa aurrekoak, eta handik Bilbao eta Larralde izan dira sartu direnak, Ezkurra II.a eta Ducassou II.a zuzenean sartu baitira azken fase honetan, iazko emaitzei begiratu baitzaie.
Falta direnen artean asko dira, baina beterano batzuek urte honen amaieran pilota profesionala uzteko hautua egin dute. Larretxeak, Jannotsek eta Kurutxarik iragarri dute 2015ean ez direla esku pilota profesionalean arituko.
Bestalde, Etxetok ezin izan du parte hartu, min hartuta dagoelako, eta Harizmendi, berriz, ez da lehen fasea gainditzeko gai izan. Hala ere, hutsunerik handiena Agusti Waltarirena da. Kubakoak min hartu zuen iazko Buruz Buruko finalaren ostean, eta ordutik burua altxatu ezinik dabil. Sorbaldan ditu arazoak, eta ebakuntza ere gainditu du, baina bere jokoak ez dauka orain dela urte eta erdi zuenarekin zerikusirik.
Oso maila ahulean ari da jokatzen, eta Superprestigioan ez du parte hartu, eta gero eta ozenagoak dira Buruz Buruko Txapelketan ere ez duela parte hartuko esaten dutenak, baina oraindik ofizialki ez du ezer esan, nahiz eta gauzak dauden bezala, badirudi ez jokatzeko aukera gehiago izango dituela, jokatzeko baino. Superprestigioan ez aritzea, lehen seinalea izan daiteke
Donibane Garazin jokatzen den lehiaketa da bakarka jokatzen den txapelketarik garrantzitsuena, Buruz Buruko ofizialarekin batera. Beraz, garrantzi handiko txapelketa da hau, eta gazte jende honek duen benetako maila ikusteko parada ere izango da.
Astelehenean jokatuko dira bi finalerdiak, 16.00etan hasita. Bilbao eta Ezkurra izango dira aurreneko partida jokatuko dutenak. Paxkalek iaz irabazi zuen Buruz Burukoa, baina ordutik asko ari zaio kostatzen bere mailarik onena ematea.
Faboritoak
Bilbao iritsi berria da maila gorenera, baina daramatzan hilabeteetan oso maila ona eman du. Halere, Paxkal Ezkurra kanporatuko balu, ezuste handia emango luke.
Beste finalerdian Ducassou II.a eta Larralde neurtuko dira. Biak ere oso gazteak, eta zaleen ustez etorkizunik handiena duten biak ere ba omen dira. Ducassouk orain bi urte irabazi zuen txapelketa hau, 20 urterekin, eta orain Larralde izango du aurrean. Biak ere bikainak dira, baina Ducassouk denbora gehiago darama onenekin jokatzen, eta horrek abantaila eman liezaioke; behintzat faborito aterako da bigarren finalerdian. Halere, Bilbao eta Larralde kanporaketa aurrekoak jokatuta datoz, eta Ducassourentzat eta Ezkurrarentzat lehen partida da, eta hori beti da arriskutsua, batez ere buruz burukoan. Bi irabazleak abenduaren 28an neurtuko dira Garat trinketeko finalean, 17.00etatik aurrera.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
