Iñaki Artola, abiaduraren patxada
Alegiarrak gaur gauean egingo du bere debuta lehen mailako txapelketa batean, baina ez du onenekin lehiatzeaz haragoko helbururik jarri nahi.

Berez, hitz kontrajarriak dira abiadura eta patxada. Filosofia eta pilota edota gaztetasun eta heldutasunak ere ezer gutxi dute antzekotik, baina horiek denak eta baita beste batzuk ere ederki uztartzen ditu Binakako Txapelketan gaur gauean debuta egingo duen Iñaki Artolak. Jon Ander Albisurekin batera, Bengoetxea VI.aren eta Andoni Aretxabaletaren aurka jokatuko dute Donostiako Atano III.ean.
Bigarren mailakoan jokatu behar izana ondo hartuko omen lukeen arren, aurrelari gipuzkoarra ilusioz beteta dago, denbora gutxian bere bigarren ametsa betetzear dago eta udan egin zuen debuta eta orain gutxi Promozioko Lau eta Erdikoa irabazi zuen. Tarte honetan Aimar Olaizolaren eta Pablo Berasaluzeren aurka jokatzeko aukera izan badu ere, lehen mailako gainerako pilotariekin jokatzeak, bere benetako maila zein den ikusteko aukera izateak egiten dio ilusiorik gehien, GARAri adierazitakoaren arabera.
«Orain arte lehen mailako pilotariekin jokatu ditudan partidetan maila eman dudala uste dut eta, irabazi edo galdu, borrokatu egin ditudala eta alde horretatik beldurrik edo kezkarik ez daukat. Gainera, Jon Ander oso atzelari ona da eta nik uste dut gauza politak egiterik badaukagula», adierazi zuen.
Ataundarrarekin jokatzeko modua izan duenean maila politean aritu dira, Berasaluzeren kantxetarako itzuleran ondo nagusitu ziren, baina alegiarrak ez du «helbururik jarri nahi. Askok buruan izango dutena da txapelketa ona egin eta finalerdietara iristea, baina nik nahiago txapelketa doan moduan ikusi, lan txukun bat egitea eta pilotari on horiek estutzea».
Urte borobila
Orain arte, dena oso azkar joan zaio eta bere erantzuna bikaina izan da. «Urtea ezin zitekeen hobea izan. Afizionatuetan nahiko maila txukuna ematen ari nintzen, baina debutatu berritan beheraldi txiki bat izan nuelakoan nago, dena berria egiten zitzaidan arerioak, pilotak... eta kosta zitzaidan pixka bat. Baina denborarekin ohitzen joan naizela uste dut eta nire buruarekin ere gero eta konfiantza gehiagorekin nabil», esan zuen.
Orain urtebete eman behar zuen saltoa profesionaletara, baina atzeratu egin zen, orduan ere ez zuen gaizki hartu. «Begira nola diren gauzak, pena pixka bat hartu nuen eta ikasgai bat izan da, gero ere antzeko zerbait gertatzen zaidanerako. Askotan dena azkar nahi izaten dugu, baina oso gaztea naiz, pilotarena urte askotarako zerbait izatea nahi nuke eta lehiatuz eta dudan guztia emanaz, baina gauzak lasai hartu behar ditut».

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
